Albisteak

Albistea

Araneko kiroldegiko igerilekuak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat jasogailu hidraulikoa jarri du

Kiroldegiak irailaren 17an berriro ireki ditu ateak hainbat hobekuntza lan egin ondoren

 

Araneko kiroldegiko igerilekuak dibertsitate funtzionala duten pertsonei igerilekua erabiltzeko erraztasunak emateko jasogailu hidraulikoa jarri du, izan ere, irisgarritasuna bermatzea eta pertsona guztiei kirola egiteko aukerak eskaintzea Bermeoko Udalaren helburu garrantzitsu bat da, Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, adierazi duenez. 

Ormaetxeak adierazi duenez, Araneko kiroldegiak, irailaren 1ean itxi ostean,  irailaren 17an berriro ireki zituen ateak hainbat hobekuntza lan egin ondoren. 

Ildo honetan, adierazi duenez, Kiroldegiko teilatuaren konponketa proiektuaren bigarren faseari ekin zaio. Txapazko gunearen gainean dagokion egitura jarri da eta orain estaltzea besterik ez da falta. Lanak irailaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten da, eta horrela itoginekin egondako arazoa amaitutzat ematea. 

“Teilatua konponduta helburu bi lortuko dira, alde batetik, beroa eta kondentsazioak murriztea eta, bestetik, itoginekin amaitzea eta horrela eraikinaren egoera hobetzea erabiltzaileei zerbitzu hobeagoa eskainiz”, nabarmendu du. 

Bestalde, azaldu duenez, legionellaren  aurkako tratamendua egin da ur beroaren eta ur hotzaren zirkuituetan eta DDD tratamendua ere ezarri da, intsektuen, arratoien eta mikrobioen aurkakoa, hain zuzen ere. 

Ildo berean, aipatu duenez, igerilekua hustu, zirkuitu guztiak garbitu eta igerilekuan egoera okerrean zeunden baldosak aldatu dira. Horrez gain, ur beroaren metagailuak aldatu dira. “Metagailu bakoitza 3.000 litrokoa da”, zehaztu du. 

“Aldaketa horrekin kiroldegiak behin behineko uneetan duen ur eskari handiari arazo barik erantzutea espero du”, azaldu du. Bere esanetan, “hamabost eguneko epe horretan aldaketa hau egitea nahiko arriskutsua bazen be, lortu dugu epeak betetzea”. 

Era berean, garbiketa orokorra eta sakona egin da makineri mekanikoekin eta konponketa txikiak ere egin dira igerilekuan, biltegian, makina gelan, kiroldegiko kanpoko aldean eta aldageletan. Aipatutako lanak egiteko Kiroldegia itxita egotea “ezinbestekoa” dela esan du Ormaetxeak. 

Azkenez, gogoratu duenez, Bermeoko Udalaren  xedea da Udal Kiroldegiak “kalitatezko zerbitzu modernoak eskaintzea eta pertsona guztientzat instalazio egokiak izatea, izan ere, kirolaren aldeko apustua egitea  herritarren osasunaren aldeko apustua egitea da”.

27 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0