Albisteak

Albistea

Bermeoko atun-ontzi izozkailuen enpresek jasoko dute aurten Arrain Azokako XXII. Hegaluze saria

 

Bermeoko atun-ontzi izozkailuen enpresek jasoko dute Bermeoko XXIV. Arrain Azokaren XXII. Hegaluze Saria,  epaimahaiak adierazi duenez, “garai berrietara moldatzeko izan duten gaitasunagatik, ikuspuntu teknologiko zein ingurumenari dagokionez emandako aurrerapausoengatik, eta herriko izena munduan zehar zabaltzeagatik”. Horrela honako enpresek jasoko dute aurten XXII Hegaluze Saria: Inpesca, Atunsa, Pevasa, Micra, Albacora, Garavilla eta Echebastar. 

Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin. 

Aurtengo Hegaluze sariari dagokionez, epaimahaiak azaldu duenez, “urte guzti hauetan atun-ontzi izozkailuek erronka berriei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute; izan ere, ekonomia garai berriek eskatzen dituzten beharrizanetara egokitzeko gai izan dira teknologia aldetik zein ingurumen ikuspuntu batetik, besteak beste”. 

Ildo horretan, gaineratu duenez, “Bermeoko atun-ontzi izozkailuen enpresek ekonomia garai berriek eskatzen dituzten punta puntako teknologia dute, eta, beste toki batzuetako enpresekin alderatuz, gure atun-ontziak eredu dira ingurumenaren errespetuari dagokionez”.

 

Horrez gain, “Bermeoko itsas tradiziotik datozen enpresak direla” gogoratu du epaimahaiak. “Bermeotarrak sortutako enpresak dira, itsasoarekin lotuta zeuden bermeotar ekintzaileek sortutakoak, Pazifikora, Atlantikora eta Indikora joan ziren bermeotarrak, hain zuzen ere, eta oraindik ere familia enpresak izaten jarraitzen dute”, adierazi du epaimahaiak. Ildo berean, Bermeoko herriaren izena mundu mailan zabaldu dutela nabarmendu du.  

Hortaz, horregatik guztiagatik, aurten Bermeoko atun-ontzi izozkailuen sektoreari ematea Hegaluze Saria erabaki du epaimahaiak. Hegaluze Sariaren ekitaldia aurten Bermeo Tuna World Capital-en espazioan izango da  barikuan, maiatzaren 18an, 12:00etan izango da. XXIV. Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 18, 19, eta 20an izango da eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon. 

08 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0