Albisteak

Albistea

Martxan dira guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroak

-Familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da helburua

- Izen emateak irekita daude jada eta horrela jarraituko dute irailaren 29ra arte. Matrikula Udalaren Berhaz bulegoan egin behar da

-2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian da dagoeneko

Bermeon, 2023ko irailaren 6an.- Euskararen transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak emateko xedez, aurten ere, Bermeoko Udalak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute. Aipatzekoa da ere 2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina ere abian dela dagoeneko, bai Gotzon Garitaonaindia euskaltegian, AEKn eta Hizkuntza Eskola Ofizialean.  Hala eman dute jakitera gaur goizean Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, Euskera zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek, AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandez Allikak, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Karmele Zarain Gabikagojeaskoak eta Hizkuntza Eskolako irakasle Ibon Iturbe Elorriagak. 

Familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako euskara ikastaroen helburua. Helburu hauek lortzeko, AEK euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean, eta oso emaitza onak lortu izan dituzte. Ikastaroek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute.

Bigarren euskara ikastaroa etorkinei zuzendutakoa da. Ikastaro hau Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua da eta bere helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, integrazio errazago bat izan dezaten. Honek ere 120 orduko iraupena izango du baina merkeagoa izango da. Izan ere, 10 euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontuan hartu barik. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako ‘Aisa’ metodologiaren bitartez.

Ikastaroak urrian hasiko dira eta izen emateak irailaren 29ra arte egongo dira zabalik. Matrikula Udalaren Berhaz bulegoan egin behar da, ordutegi honen arabera: irailaren  16ra arte, astelehenetik barikura 08:00-14:00 eta irailaren 16tik aurrera, astelehen, eguazten eta barikuetan, 8:00-15:00 eta martitzen eta eguenetan 8:00-14:00 eta arratsaldez 16:00-18:00.

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek. Izan ere, HABEk eta Udalak dirulaguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula-gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten.

Euskara ikasteko aukera zabala Bermeon

Euskara ikastaroak eskaintzen dituzten hiru zentroek (Hizkuntza Eskolak, AEK-k eta Gotzon Garitaonaindiak), 2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatuta dute jada, eta euskara ikasteko dirulaguntzak ere bideratzen ditu Udalak herritarrei euskara ikasteko erraztasunak emateko, baita HABEk ere.

Hiru zentroek eskarmentu handia dute euskararen irakaskuntzan, hau da, helduen euskalduntze-alfabetatzean, horren lekuko orain arte hiru zentroetatik pasatu diren hainbat eta hainbat ikasle. Taldeka, zein bakarka, aurrez aurre, zein autoikaskuntza bidez euskaltegien kasuan, aukera anitza eta ordutegi zabala eskaintzen dute, 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat: ostalari, merkatari, goi kargu, administrazioko langile, enpresari, ikasle, langabe… Metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak eskaintzen dizkiete ikasleei emaitzarik onenak lor ditzaten, kalean euskara erabiltzen jarrai dezaten eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko.

06 / 09 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0