Albisteak

Albistea

Berualak eta EHUk hitzarmena sinatu dute Bermeoko Alde Zaharra biziberritzeko planaren barne

Maiatzaren 26tik ekainaren 4ra EHUko arkitektura ikasleek Alde Zaharreko orube hutsetan egindako proiektuen erakusketa Nestor Basterretxea aretoan

 

Bermeoko Urigintz Barriztatze Elkarteak, Berualak, eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, Bermeoko Alde Zaharra Biziberritzeko Planaren barne, hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren bitartez, EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hirugarren mailako ikasleei ideia lehiaketa batean parte hartzea proposatu zien, Bermeoko Alde Zaharrean hutsik dauden orubeetan proiektuak lantzeko.

Hitzarmen horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Irune Ormaetxeak, Urigintza eta Turismo zinegotziak; Santi Muruak, Berualako zuzendariak; Juanjo Aguirrezabalaga, EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak; eta Ibon Telleria eta Mikel Larretxe EHUko irakasleak eta proiektuaren arduradunak.

Irune Ormaetxeak azaldu duenez, hitzarmenaren bidez, otsailetik maiatzera arte, EHUko Arkitektura Eskolako 120 ikaslek Bermeoko Alde Zaharreko 19 orube hutsetan proiektuak landu dituzte.

Urtarrilean EHUko Donostiako Arkitektura Eskolatik hainbat ikasle eta irakasle Bermeora etorri ziren Alde Zaharra ezagutzera eta bertan dauden 19 orube hutsak ikustera. Joan den astean ikasleek landutako proiektuen aurkezpena egin zen Donostiako Fakultatean, eta aurkeztutako 120 proiektuetatik aukeraketa bat egin da.

Aukeratutako lanekin Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan erakusketa bat egingo da maiatzaren 26tik ekainaren 4ra arte. Erakusketa horretan maketa eta panelekin osatutako 40 lan inguru ikusteko aukera izango dugu.
Ibon Telleria eta Mikel Larretxe proiektuaren arduradunek hori nola garatu den azaldu dute eta ikasleen hainbat proposamen azaldu dituzte.

Ormaetxeak adierazi duenez, “oso interesgarria” izan da EHUrekin egindako  elkarlana, izan ere, “arkitekturako hirugarren mailako ikasleek proiektuak lantzeko aukera paregabea izan dute, eta, aldi berean, euren lanen bidez, orube horiei ematen zaien irtenbide ezberdinak ikusteko aukera dugu”.

“Plan bereziaren berrikusketa egiterako orduan interesgarria izango da horiek kontuan hartzea”, adierazi du Muruak. Dena den, “proiektu horiek ez dutela inolaz ere orubeen jabeei ezta Bermeoko Udalari ere ezertara behartuko” argitu du Berualako zuzendariak.


Bermeoko alkateak azaldu duenez, ekimen hori Alde Zaharra biziberritzeko Bermeoko Udala ematen ari den pausoen barne dago. “Hainbat ekimen egin ditugu jadanik, besteak beste, Hurtado de Mendozako gune hutsaren berreskurapena partaidetza prozesu baten bidez, lokal hutsen egoeraren azterketa, Alde Zaharreko lore eta argazki lehiaketa, kaleko artearekin muralak margotu, ‘food truck’, eta ostalari eta dendarien dinamizazio lana. Orube hutsetan arkitektura ikasleek bere proiektuak lantzea beste pauso bat da Alde Zaharra indarberritzeko lan horretan”, azpimarratu du.

Elkarlana “aberasgarria” izan dela azpimarratu dute Bidegurenek eta Aguirrezabalak. Etorkizunean ere Bermeoko Udalak eta EHUk horrelako ekimenetan parte hartu ahal izatea espero duela gaineratu du Bermeoko alkateak

 

23 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0