Albistea
Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, adierazi duenez, Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak bukatu dira eta lan horiekin kalearen egoera asko hobetu da.
Ormaetxeak gogoratu duenez, lan horien bidez, Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berritu da Kurtzioko sarreraraino. Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdearen dagoen hesia eraitsi da. “Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen zuen eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten zuen”, azaldu du Ormaetxeak.
Hori dela eta, adierazi duenez, Bermeoko Udalak lur-sail horren jabeekin akordio bat lortu ondoren, hesia eraitsi da eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko da. “Berritu dugun espaloiaren luzera 135 metrokoa da eta azalera 500 m2-koa, Santamañe kaletik Kurtzioko sarreraino”, adierazi du.
“Horrela, kale osoaren zoladuraren uniformetasuna lortu da eta askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa da bertatik ibiltzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz”, azpimarratu du. “Ekimen horrek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna eta itxura hobetzen lagunduko du”, azaldu du.
Ormaetxeak adierazi duenez, “egia de lan hauetan atzerapen bat izan dugula; izan ere lanak egiten ari zen enpresa esleipenduna hartzekodun aurre lehiaketan sartu zen eta lanak utzi zituen. Egoera horri ahalik eta arinen erantzuten saiatu gara eta, beharrezko tramitazioak egin ondoren, beste enpresa batek jarraitu zuen lanekin”, azaldu du.
Irune Ormaetxeak adierazi duenez, Santamañe kaleko lanak, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egindakoak bezala, irisgarritasun plangintzaren barne kokatu behar dira. “Bermeo herri irisgarria izateko, Bermeoko Udalak irisgarritasun plangintza hori egin zuen eta urtero aurrerapausoak emateko konpromisoa dago”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)