Albistea
Maria Urrutiak 100 urte betetzen ditu gaur astelehenean, maiatzaren 9an, eta ospatzeko maiatzaren 11n, eguaztenean, goizeko 11:00etan omenalditxo bat egingo diote Bermeoko Sancti Spiritus udal egoitzan. Bertan egongo dira bere familia, egoiliarrak, eta udal egoitzako langileak, Ramón Alberdi egoitzako zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta Idurre Bideguren eta Benito Ibarrolaza, Bermeoko alkatea eta alkateordea, hurrenez hurren.
Maria Urrutia 1916. urteko maiatzaren 9an Foruan jaio zen eta zortzi neba-arrebadun famili bateko 5. alaba da. Gaztetan, urte askotan, lehenengo Gernikan eta gero Nafarroan zerbitzari bezala lanean egon zen eta 30 urterekin gutxi gora behera, Demikukoa zen Fernandorekin ezkondu zen, eta Demikuko bere baserrira joan ziren bizitzera.
Baserrian lan asko egin zuen eta Gernikara eta Bermeora esnea banatzera etortzen zen. 1979an, alargundu eta ondoren, Kresentzio Etxebarria kalera bizitzera joan zen. Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzara 1996ko urriaren 16an heldu zen eta bera da gaur egun denbora gehien daraman egoilea.
Bermeoko Udalaren egoitzako arduradunek azaldu dutenez, “betidanik izan da emakume dotorea eta makillatzea, orraztea eta bitxiak jartzea asko gustatu izan zaio. Gaur egun ere, ahal duen neurrian horrelakoa izaten jarraitzen du”.
Bizipen asko dauzka Maria Urrutiak bere 100 urteetan eta herritarrek bihotz bihotzez zoriondu nahi dute emakume hau.
Kasualitatez, Pilar Telleria Gonzalezek, Bermeoko Udalaren zaharren egoitzeko egoiliarrak Maria Urrutiaren egun berdinean, gaur, maiatzaren 9an, 101 urte egiten ditu.
010 (94 617 91 00)