Albisteak

Albistea

Guraso eta etorkinentzako euskara ikastaroetan izena emateko epea irekita irailaren 28ra arte

Bermeoko AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ikastaroetan izena emateko epea irekita

 

 

Gurasoentzako eta etorkinentzako ikastaroak aspaldiko urteetan antolatzen ditu Bermeoko Udalak udalerriko euskaltegi biekin elkarlanean, eta horien helburuak argiak dira: familia bidezko transmisioa indartu nahi da, alde batetik, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez, eta beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan interesa dutenek irailaren 28ra arte eman ahal izango dute izena Berhaz bulegoan.

Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Udaleko Euskara zinegotziak, Maite Alvarezek, teknikariak, eta Iratxe Garmendia eta Leire Iñigo AEK eta Gotzon Garitonaindia euskaltegietako ordezkariek, hurrenez hurren, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak aurkeztu dituzte Euskal Gunean gaur egindako prentsaurrekoan.

Agirrek azaldu duenez, urtero eskaintzen diren ikastaro hauek urrian hasiko dira ekainera bitarte, eta, batean zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiliko dute. 

Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian izango dira, 120 orduko iraupena izango dute eta 20 euroko prezioa. AEK-ko arduradunak, Iratxe Garmendiak, adierazi duenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek, parte hartu ahal izango dute. “Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute”, gaineratu du. 

Garmendiak adierazi duenez, aurreko edizioetan ikasle izan diren gurasoen esanetan,  emankorra da era honetako ikastaroan parte hartzea. Gainera, ikastaro prozesuan aurrera egin ahala, Berbalagun taldeetan euskara praktikatzeko aukera izango dute gurasoek. 

“Euskara ikasteko etxea bide bakarra ez bada ere, gurasoek zeregin garrantzitsua dute hizkuntzaren transmisioan; zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza osatuago eta aberatsagoa izango da eta etorkizunerako oinarri sendoak jartzen lagunduko diete seme-alabei”, azaldu du. 

Etorkinei zuzendutako ikastaroari dagokionez, Leire Iñigok adierazi duenez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatzen da, eta 120 orduko ikastaro hau urrian hasiko da. Matrikularen truke 10 euro ordaindu behar dira, gehi materiala. 

Leire Iñigok esan duenez, ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEren Aisa metodoaren bitartez. “Eskolan ikasiko dute egunerokoan beharrezko diren ekintzak gauzatzen, adibidez, euren burua aurkezten, informazioa eskatzen eta ematen, lagun arteko elkarrizketa laburrak izaten… Klaseak oso praktikoak dira helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez lortu nahi dugu etorkinak gure kultura ezagutzea eta gure artean integratzea”, azaldu du.  

Ikastaro hau antolatzen hasiz geroztik, etorkin ugarik izan dute aukera euskaraz berbetan ikasteko eta aurrera pausu handia dela azpimarratu dute. Kasu honetan ere, gurasoen kasuan bezala, etorkinek Berbalagun taldeetan parte hartu ahal izango dute euskaraz berba egiteko. 

Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. “Izan ere, euskara jakiteak hartu-emanak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu”, esan du Euskara teknikariak. 

Ikastaro horietan izena emateko epea irekita dago irailaren 28ra arte eta izena Berhaz bulegoan eman behar da (Ertzilla 6-8). Ordutegia zehaztea talde bakoitzaren esku egongo da. 

Ohiko ikastaroetarako matrikulazioa irailean 

Udalak eta euskaltegiek elkarlanean antolatzen dituzten ikastaro bi hauetaz gain, Bermeoko Atalde 17an, Euskal Gunean kokaturik dauden AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu nahi izan dute euskaltegietako ordezkariek. 

Ordu aukera zabala eskaintzen dute, euskaltegian bertan edo internet bidezko ikastaroak, azken batean, euskara erabiltzeko aukerak zabaltzen laguntzen dute Bermeoko euskaltegietan. Hori egin nahi duten herritarrak euskaltegietara hurreratzeko gonbitea egin dute.

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnak, izan ere, HABEk, Udalak eta Bizkaiko Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula-gastuetan ahal denik eta erraztasun handiena izan dezaten.

06 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0