Albistea
Zazpi dantza taldeetako 220 dantzari batuko dira zapatuan, azaroaren 5ean, Bermeoko Artza Frontoian Busturialdeko Dantzari Eguna ospatzeko. Hitzordua 19:30ean izango da, eta sarrera dohainik izango da.
Busturialdeko Dantzari Egunean parte hartuko duten dantza taldeak honako hauek izango dira: Bakioko Itxas-alde, Mundakako Egunsenti, Busturiako Irrintzi Alai, Bermeoko Alkartasuna, Foruko Urdaibai, Gernikako Elai-Alai eta Gautegizeko Arteagako Artie.
“Guztiek dantza ikuskizun polita eskainiko digute zapatuan Bermeon”, adierazi du Gaizka San Pedrok, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko presidenteak.
Horrela, 220 dantzariek elkarrekin hainbat dantza dantzatuko dituzte, besteak beste, Dantzari dantza, Makil txiki, Boastitzea, Kaskarrotak eta Agurra. Horrez gain, dantza talde bakoitzak bere dantzak erakutsiko die bertaratzen diren guztiei.
Hortaz, Busturialdeako dantza taldeen dantzekin gozatzeko aukera “paregabea” izango da Bermeon zapatuan, eta bertaratzen diren guztiek “dantza ikuskizun horrekin ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute”. Alkartasuna Dantza Taldeak eta Bermeoko Udalak pertsona guztiak gonbidatu dituzte “festa giro polita” izango duen Busturialdeko Dantzari Egunean parte hartzera.
Ekitaldia bukatu ondoren, zazpi dantza taldeetako 220 dantzariek afaria izango dute Bermeoko Kafe Antzokian eta, ostean, erromeria Akerbeltz taldearekin.
010 (94 617 91 00)