Albistea
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak hitzarmen bat egin dute Bermeon aparkaleku bat egokitzeko. Azpiegitura horren bitartez, bisitarientzat erosoagoa izango da Bermeora joatea, eta, horrela, Gaztelugatxera iristea erraztu eta herriaren erakargarritasun turistikoa sustatuko da. Bizkaiko Foru Aldundiak 515.000 euroko inbertsioa egingo du obra horretan, gobernu taldearen (EH Bildu) eta EAJ-PNV udal taldearen baterako eskaera bati erantzuteko. Bermeoko Udalak 110.000 euroko ekarpena egingo du.
Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu honekin lotzen du inbertsio hori: kalitateko turismo iraunkorraren eta Bermeo hobetu eta herriari aukera gehiago ematearen aldeko apustuarekin. Rementeriaren esanetan, jarduketa horrek indartzen du Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon eta Bizkai osoan turismo iraunkorraren eta kalitatekoaren alde egindako apustua. Ahaldun Nagusiak esan duen bezala, bisitariak Bermeora iristea erraztu eta ibilgailu pribatuentzako aparkaleku bat ipintzen dugu. Horrela, bisitari gehienek garraio publikoa erabiltzen saiatzen gara, eta, Bermeoko merkataritza-jardueraren potentziala sendotzeaz gain, ingurunea eta ingurumena zaindu eta babesten laguntzen dugu. Erakundeen indarrak batzen direnean, herritarra da onuradun nagusia.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duen bezala, aparkaleku berria Bermeoko Udalaren proiektu bat da, eta Gaztelugatxeko San Juanen plan integralari aurkeztutako 50 alegazioetako batean jasotzen da. Alkateak esan du gaur egun Gaztelugatxera doazen bisitarien % 64 Bermeotik iristen dela. Bideguren esanetan, bere helburua portzentaje hori handitzea da, Bermeoren eta Gaztelugatxeren arteko lotura indartuz, ingurunean masifikazioak saihestuz eta gure ingurumena eta nortasuna babestuz. Bidegurenen iritziz, aparkaleku horrekin turismoaren garapen iraunkorrari lagundu eta turismo aktiboa sustatzen dugu.
Gainera, proiektu horrek aukera ematen du “Bermeo iraunkorra, atsegingarria eta osasungarria” mugikortasun-proiektua garatzeko; proiektu horrek oinezkoei eta bizikletei ematen die lehentasuna herriko arteria nagusietan. Horregatik guztiagatik, hitzarmena positiboa izango dela uste du, eta era horretako hitzarmen gehiago egitea espero du, herritarren onerako direlako eta Gaztelugatxek ematen dizkigun aukerak hobetzen dituelako.
Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, aurtengo ekainaren 15etik irailaren 30era arte, Gaztelugatxek 309.233 bisitari eduki ditu, eta, beraz, % 2,94ko igoera izan da iazko datuen aldean. Igoera hori gorabehera, bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemen ondorioz, pertsonen joan-etorriak hobeto arautu dira, pilaketa gutxiago egon dira, eta, oro har, bisita esperientzia hobea izan da.
Bisitari gehienak abuztuan (133.100 pertsona) eta uztailean (80.909) joan dira, nahiz eta abuztuan % 7,07ko jaitsiera egon. Gaztelugatxeko bisitari gehienak (% 60,98) Estatukoak dira, eta atzerrikoen artean (% 24,11) gehienak frantziarrak eta italiarrak.
010 (94 617 91 00)