Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2023rako aurrekontuen gaineko prozesu parte-hartzailea abiarazi du

-Herritarren lehentasunak ezagutzea eta parte-hartze zabala lortzea dira Udalaren helburu nagusiak

-Herritarrek bi bide izango dituzte parte hartzeko: Kultur Etxean eta Udal Liburutegian inprimakia betez eta bertan jarriko diren kutxetan sartuz edo irailaren 24, 26 eta 27an herriko hainbat puntutan jarriko diren karpetan parte hartuz                                                                             

Bermeon, 2022eko irailaren 19an.- Bermeoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea abiarazi du gaur. Izan ere, Udalak, bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi du 2023ko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. Prozesu honetan parte hartzeko modu bi egongo dira, irailaren 27ra bitartean udal eraikinetan aurkitu ahalko den inprimaki bat betez edota herriko gune desberdinetan jarriko den karpan ekarpenak eginez.

Inprimakia Kultur Etxean eta Udal Liburutegian eskuratu ahal izango da eta, gainera, kutxak jarriko dira inprimakia bertan sartu ahal izateko. Bestalde, irailaren 24, 26 eta 27an herriko hainbat puntutan karpa bat jarriko da eta dinamizatzaileek herritarrak parte hartzera gonbidatuko dituzte beraien lehentasunak adierazteko eta herriarentzako onuragarriak izan daitezkeen proposamenak egiteko. Egun eta toki hauetan egongo da karpa:

-          Irailaren 24an, Lameran (12:00-15:00)

-          Irailaren 26an, Erreten Lameran (16:30-19:30)

-          Irailaren 27an, Goiko Plazan (10:30-13:30)

Parte hartzeko dinamikak ariketa erraz bi ditu. Alde batetik, udal gobernuak 7 lan-lerro adieraziko ditu eta herritarrak 1etik 7ra ordenatu beharko ditu bere lehentasunen arabera. 1 zenbakia garrantzi gehien duen lan-lerroari eman beharko zaio eta 7 gutxien izan dezakeenari. Planteatu diren lan-lerroak dira:

-          Aisialdia-Kultura-Kirola

-          Arlo soziala

-          Berraktibazio ekonomikoa

-          Garbitasuna

-          Irisgarritasuna eta mugikortasuna

-          Segurtasuna

-          Beste batzuk (herritarrak berak proposatu lezake lan-lerroa)

Bestalde, bigarren ariketa modura, parte-hartzaileak Bermeo eta bermeotarrentzako onuragarriak izan daitezkeen ekintza edota proiektuak planteatu ahalko ditu. Hau da, bere proposamenak zehaztu ahal izango ditu.

Inprimakia bete ostean, dokumentua Udal Liburutegian edo Kultur Etxean entregatu ahal izango da. Noski, baita aipatu iraileko egun horietan jarriko den karpan ere egin ahalko ditu proposamenak.  Irailaren 27a izango da inprimakia entregatzeko azken eguna. Ahalik eta parte-hartze handiena lortzea da Udalaren helburua, 2023ko aurrekontua herritarrek adierazitako lehentasunen arabera eta hauek egindako ekarpenak aintzat hartuta diseinatu eta exekutatu ahal izateko.

19 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0