Albisteak

Albistea

Bermeoko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek suteen aurrean jarduteko moduari eta lehen sorospenei buruzko prestakuntza jaso dute

 

Ekimena Bermeoko Udalak, MAPFRE Fundazioak eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalak (APTB) antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta Goiko Plazan ari da egiten. Helburua parte-hartzaileek larrialdi-egoera baten aurrean erreakzionatzen ikastea da

Bermeon, 2022ko azaroaren 11n.- Gaurko egunean zehar, Bermeoko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako 350 ikaslek baino gehiagok, suteen aurrean jarduteko moduari eta lehen sorospenei buruzko oinarrizko ezagutzak jasotzeko prestakuntza jasoko dute. Ekimena Bermeoko Udalak, MAPFRE Fundazioak eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalak (APTB) antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin eta Bermeoko Gurutze Gorriarekin lankidetzan, eta Goiko Plazan ari da egiten. Helburua parte-hartzaileek larrialdi-egoera baten aurrean erreakzionatzen ikastea da.

Bermeon hainbat sute izan dira azken hamarkadan, eta hori oso presente dago bermeotarren oroimenean. Herriko Udala oso sentsibilizatuta dago gai horrekin. Herritarrak kontzientziatzeko, informatzeko eta laguntzeko estrategia bat du zehaztuta, eta urtean zehar hainbat proiekturen bitartez ari da garatzen. Eta, horrela, gaurko egunean zehar gauzatzen ari den ekimena horren parte da.

Sagrado Corazón Ikastetxeko, Eleizalde Ikastolako eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko 350 ikasle baino gehiago bilduko dira gaur (lehen taldea 9:30ean hasi da) Bermeoko Goiko Plazan prestakuntza jasotzeko. Talde bakoitza bitan banatuko da eta lehenengoak Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek emango duten hasierako hitzaldia jasoko du. Bigarrenak, berriz, Bermeoko Gurutze Gorriak lehen sorospenei buruz emango duen prestakuntza jasoko du, eta, besteak beste, bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egiten arituko da. Amaitu ostean, lehenengoak bigarrenak egindako jarduera eta bigarrenak lehenengoak egindakoa egingo dituzte.

Lehen parte hori amaitutakoan, ikasleak MAPFRE Fundazioaren eta APTBren hezkuntza-karpan sartuko dira. Karpa horren helburua, herritar guztien eta, batez ere, umeen artean auto-babesari buruzko ezagutzak zabaltzea da, eta, horrez gain, parte-hartzaileei etxean eta beste ingurune batzuetan sutea gertatuz gero, ebakuazioari buruzko oinarrizko arauak ezagutzeko prestakuntza ematea. Karpako prestakuntza APTBko kide diren suhiltzaileek emango dute.

Gaur goizeko prentsaurrekoan Aritz Abaroa Bermeoko alkateak, Iskander Urrengoetxea Mapfre Fundazioko ordezkariak, Ainhoa Munitiz Bizkaiko Gurutze Gorriko ordezkariak eta Patxi Berreteaga Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileen Zerbitzuko prebentzio ataleko buruak hartu dute parte.

11 / 11 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0