Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Euskararen Erabilera normalizatzeko VI. plana onartu du, 2018-2022 aldirako

Planaren helburua da euskararen erabilera udal mailan, zein udalerri mailan indartzea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea

 

Bermeoko Udalak hizkuntza lidergoan, zeharkakotasunean, udalerriko euskararen erabileran eragitean eta euskararen kudeaketa, kudeaketa orokorrean txertatzean oinarrituta dagoen 2018-22 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu zuen 2018ko azken Osoko Bilkuran. Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, eta Aitziber Gabikaetxebarriak, Euskara teknikariak, aho batez onartutako euskararen erabilera planaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Agirrek adierazi duenez, plangintza berriak “udalaren plan estrategikoarekin bat datorren planteamendua dakar (hobekuntza, helburuekiko konpromisoa, kudeaketa eraginkorra…)”. Era berean, zehaztu duenez, “aurreko plangintzan hasitako planteamenduaren jarraipena izango da, hau da, udaleko eragile guztiek modu aktibo batean lan egitea planaren helburuak lortzeko, eta sail eta arlo guztietan, euskara kudeaketa orokorraren dinamikan integratzen jarraitzea”.

“Horrez gain, udala azken urteetan bideratzen ari den lan ildotik, hizkuntza lidergoa indartu eta sustatzeko planteamendua barneratzen ditu planak”, gaineratu du.

Horrela, bere esanetan, lan hizkuntzaren eta zerbitzu hizkuntzaren diagnostikoa egin da, Bikain ziurtagiriaren metodologia eta sektore publikoarena uztartuz. Euskera zinegotziak azaldu duenez, “egoeraren azterketa egiteko, 37 adierazle hartu dira kontuan, sei alorretan banatuta, eta horretarako udal langile eta ordezkarien parte-hartzea izan du”.

Datu kuantitatiboak ez eze, kualitatiboak ere jaso dira. Agirreren esanetan, datuak erakutsi dute “hobetzekoak badaude ere, euskara egoera onean dagoela Bermeoko Udalean”. Gaur egungo egoeran oinarrituta, Erabilera Planaren helburu estrategikoak finkatu eta hizkuntza irizpideak ezarri dira UEMArekin elkarlanean.

Indarguneak, aukerak, ahulguneak eta mehatxuak

Diagnostikoak udalak hizkuntzaren erabileran dituen indarguneak, aukerak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatzeko ere balio izan du. “Modu horretan errazagoa izango da aurrera begirako lan ildoak zeintzuk izan behar duten identifikatzea”, esan du.

Horrekin batera, Aitziber Gabikaetxebarriak adierazi duenez, “marko orokorra badaukagu eta urtez urteko kudeaketa planak egingo ditugu sailetako arduradunekin adostuta”. “Sailen izaera, euren eginkizunak eta bakoitzaren egoera aintzat hartuz finkatuko dira urtez urteko helburuak, arloekin eurekin adostuta eta elkarlanaren bidea jorratuta”, zehaztu du.

Bere esanetan, aurreko plangintzaldian bezala, sailen egitekoaren edo rolaren barruan egongo da euskara plana. “Erakundea osatzen dugun sail eta arlo guztiek daukagun euskararekiko erantzukizunaren ideia indartu gura da plangintzaldi berri honetan, eta oraingoan ere sailei eurei emango zaie erantzukizun nagusia planaren garapenean”, azaldu du.

Kudeaketa planen helburua “euskararen erabilera indartu eta aurrerapausoak ematen jarraitzea” izango dela nabarmendu du Gabikaetxebarriak. “Indargune eta aukera asko baditugu ere, berebiziko indarra egingo da ahuleziak edo mehatxuak dauden alorretan: lankideen arteko ahozko harremanetan; laneko etengabeko prestakuntzan; herritarrekiko komunikazioetan; erakunde publiko, elkarte eta eragileekiko harremanetan; zerbitzu enpresa, hornitzaile eta kontratazio arloan, udalak ezarritako hizkuntza irizpideak betetzeko ahaleginetan; baliabide informatikoen alorrean; udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan edo produktuetan euskararen presentzia areagotzeko…”, azaldu du.

Horiez gain, gaineratu duenez, “jada emandako pausuak sendotzeko ahalegina egiten jarraituko dugu eta aukera berriak sortarazten, bideratzen eta gauzatzen”.

Euskararen erabilera indartu

Euskara zinegotziak azpimarratu duenez, Planaren helburu nagusia, modu orokor batean esanda, euskararen erabilera “indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko”.

“Herritarrekiko harremanetan hizkuntza euskara izatea bermatu gura da, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuta. Euskara beste erakundeekiko harremanetarako hizkuntza izatea eta administrazio barneko lan hizkuntza izatea ere bermatu gura da”, esan du Euskara zinegotziak.

Gabikaetxebarriaren esanetan, plangintza amaierarako lortu nahi den helburu nagusia “euskararen erabileran goi mailan mantentzea ez eze, euskararen presentzia areagotzea eta aitzindaritzari eustea izango da, lidergoaren ikuspegia jorratzen jarraituz”.

Azkenez, Euskara zinegotziak gogoratu duenez, Erabilera Plana plan osotu moduan 2001n ipini bazen martxan ere, udalak 40 urteko ibilbidea du euskara normalizatzeko lanetan.

“Euskarak udalean duen pisua eta emandako pausuak lorpen kolektiboa izan dira. Horren erakusgarri: Kontseiluak 2007an egindako hizkuntza politiken neurketan udala goi mailan; Urrezko Bikain ziurtagiria 2011n; tontorrean 2013an UEMAko sailkapenean… Langileek eta arduradun politikoek egin duten lanari esker eta udalak erakutsi duen aitzindaritzari, kemenari eta prestutasunari esker eman dira aurrerapausoak”, azpimarratu du.

 

18 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0