Albistea
Artza Pilota Elkartea 1976. urteko udan sortu zen eta 40 urte baino gehiago daramatza pilota zaletasuna zabaltzen Bermeon. Egun 56 pilotarik osatzen dute elkartea, honako kategorietan bananduta: hamabi benjamin, zortzi alebin, hamaika infantil, bederatzi kadete, bost jubenil, eta 11 senior.
Urte guztian zehar Bermeoko Artza Frontoian astelehenetik barikura alde teknikoa lantzeko entrenatzen dute, eta horretarako hiru entrenatzaileekin osatutako taldea dute. Gainera, Bermeoko Eleizalde ikastolan eta San Francisco ikastetxean eskolaz kanpoko ekintzetan pilota ikastaroak eskaintzen dituzte, pilota zaletasuna ume eta gaztetxoen artean zabalduz. Hurrengo ikasturtean Sagrado Corazón ikastetxean ere eskaintzea aurreikusten dute.
Bermeoko Artza pilota elkarteak urte guztian zehar honako txapelketetan parte hartzen du: Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa Eskuz banaka, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa Eskuz Binaka, Kluben arteko Bizkaiko Txapelketa (eskuz banaka, eskuz binaka eta gomazko pilotarekin pala), Trinketeko Bizkaiko Txapelketa eta Cup Bizkaia Txapelketa (Eskuz binaka eta gomazko pilotarekin pala).
Ildo berean, Herri arteko txapelketan, Café Baque txapelketan eta eskuko Open Bizkaian ere presente dago Bermeoko pilota elkartea. Horrez gain, Artza Pilota Elkarteak, Bermeoko Udalaren eta Bermeoko jai batzordearen laguntzarekin, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan profesionalekin eskupilota jaialdi bi antolatzen ditu, Axpe eta Asergace enpresetako pilotariekin. Era berean, Bizkaiko Pilota Federazioarekin batera bi ekimen antolatzen ditu irailean.
Hortaz, pilota zaletasuna herrian zabaltzeko ahalegin eta lan garrantzitsua egiten du Artza Pilota Elkarteak eta, hurrengo urtera begira, bere helburuak dira pala eta frontenis ikastaroak ere eskaintzea.
Artza Pilota Elkarteak ume eta gaztetxoei, eta, bereziki neskei, Artza frontoira etortzera animatu die, kirol hori egitera probatzera. “Eskupilota guztiontzako kirola da, eta garrantzitsua da Bermeon zaletasuna mantentzea. Horretarako ezinbestekoa da belaunaldi berriak kirol hau egitera animatzea”, azpimarratu dute.
010 (94 617 91 00)