Albisteak

Albistea

Bermeok Aste Santuan gozatzeko plan ugari eskainiko ditu

Gaztelugatxe, Itzulia Basque Country, prozesioak, itsas ibilbideak, Nordic Walking, Aita Guria baleontzia eta beste asko izango dira Bermeok eskainiko dituen aukerak

 

Bermeok eskaintza turistiko zabala eskainiko du Aste Santuan, hainbat izango baitira gure herrira datozen bisitariek eta herritarrek ondo pasatzeko izango dituzten aukerak. Horrela, bisitariek Gaztelugatxerekin, Itzulia Basque Countryrekin, prozesioekin, itsas ibilbideekin, Nordic Walking ibilbideekin eta Aita Guria baleontziarekin, besteak beste, gozatzeko aukera izango dute Bermeon. 

Horren berri eman dute Irune Ormaetxeak, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, eta Turismo arduradunak, Bego Gangoitik, gaur egindako prentsaurrekoan. 

Bermeoko Gaztelugatxeri dagokionez, hirugarren urtez Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobusa egongo da. Aurreko bi urteetan autobusa Bermeoko Udalak jarri duen arren, aurten Bizkaibusek eskainiko du zerbitzua martxoaren 24tik apirilaren 8ra eta Bermeotik 8:00etatik 20:00etara orduro Gaztelugatxera autobusa irtengo da. 

Aurten, lehenengo aldiz, eta aforoa kontrolatzeko eta masifikazioa saihesteko, helburuarekin, Gaztelugatxera joateko bisitariek  tiketak hartu beharko dituzte. Tiketak dohanik izango dira eta Gaztelugatxen autobus geltoki aurrean jarriko diren stand-etan eskuratu ahal izango dituzte bisitariek. Tiketan sistema Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuko du. 

Gaztelugatxerekin jarraituz, Aste Santuan San Juaneko ermita irekita egongo da martxoaren 29tik apirilaren 2ra 11:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izateko. Gainera, Aste Santuan, Bermeon, besteak beste, itsas ibilbideak egiteko aukera izango dute Bermeora datozenek eta, besteak beste, Gaztelugatxe bisitatzeko aukera ederra eskaintzen dute itsasoari lotuta dauden turismo aktiboko enpresek. 

Bestalde, Ormaetxeak adierazi duenez, aurten, Pazko astean, apirilaren 3an eta 4an, lehen mailako kirol ikuskizuna hartuko du Bermeok, Itzulia Basque Countyren helmuga izango baita 3an eta 4an Bermeotik irtengo da Itzulia. Beraz, txirrindularitza eta kirol zale guztiek hitzordu garrantzitsua dute Bermeon eta guztiak gure herrira gonbidatu nahi ditugu. 

Bestalde, Bego Gangoitik azaldu duenez, Arrantzaleen Museoa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta bere klaustroa bisitatzeko, Tribisburuko nekropoli erromatarra ezagutzeko eta Aste Santuko prozesioak (martxoak 30, barikua, 11:00 eta 18:00) ikusteko aukera egongo da Aste Santuan. Prozesioei dagokienez, Gangoitik gogoratu duenez, Bermeon kostalde guztian egiten diren bakarrak dira eta historia handiko prozesioak dira; izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharrenetarikoak dira, orain dela 450 urte egiten baitira. 

Horrez gain,   Ormaetxeak azpimarratu duenez, Aita Guria Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa irekiko da, eta Aste Santuan  bisita gidatuak egiteko aukera egongo da euskaraz eta erdaraz hainbat ordutan. Sarrera hiru euro da nagusientzat eta bi euro umeentzat. XVII. mendeko balezaleen bizimodua erakusten digun baleontzi  interesgarri horrek eta, hori dela eta, pertsona guztiei bisita gidatua egitera gonbidatu die Turismo zinegotziak. 

Ildo berean, pintxo-potea, itsas ibilbideak eta hainbat ekimen (kayak,  surf, eskalada, tirolina…) egiteko aukera eskainiko da Bermeon eta kirolarekin eta gure inguru izugarriarekin gozatu nahi dutenek “Nordic Walking’ ibilbideak egiteko aukera izango dute. Gainera, “Bertoko produktuak eskuratzeko eta dastatzeko ere aukera egongo da giro paregabean”, gaineratu du. 

Gangoitik adierazi duenez, Bermeoko turismo web gunean (www.bizibermeo.eus) eskaintza turistiko horren guztiaren berri emango da; eta, bertan, ordutegiak, lekuak, prezioak eta harremanetarako kontaktuak jakinaraziko dira. “Gainera, Urdaibai osoko eskaintza turistikoa eskuratu ahal izango da”, gaineratu du. Horrez gain, Bermeoko turismo bulegoan (94 617 9154) informazioa jaso ahal izango dute herritarrek eta bisitariek. 

Azkenez, Ormaetxeak eta Gangoitik pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeo eta Urdaibai ezagutzera Aste Santuan, izan ere, “leku benetan zoragarriak ditugu; eta paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek”.

 

 

 

 

 

 

23 / 03 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0