Albisteak

Albistea

Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak Jose Manuel Gabantxo margolariaren lan bat jaso du dohaintzan

  • 1985. urtean egindako lana da ‘Bermeoko enbarkazioak’ izenekoa, eta 34 itsasontzi agertzen dira.

Gaurtik aurrera, Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzak artelan berri bat dauka bere hormetan eskegita; areto nagusian kokatu da. Hain zuzen ere, dohaintzan jaso du itsasoan eta itsas tradizioan inspiratutako lanak sortzeagatik ezaguna den Jose Manuel Gabantxo margolari bermeotarraren koadro bat: Bermeoko enbarkazioak.

Gaur goizean bermeotarrari esker ona adierazteko ekitalditxo bat egin da zaharren egoitzan. Bertan izan dira, besteak beste, Bermeoko Udaleko ordezkariak, egoitzako arduradunak eta egoiliarrak, eta bertaratutako guztiek eskerrak eman dizkiote margolariari bere eskuzabaltasunagatik eta herriarekin duen konpromisoagatik.

Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizaterako zinegotziak aurkeztu du Jose Manuel Gabantxo: “79 urte ditu eta umetatik dauka margotzeko zaletasuna. Gaztetatik baxurako flotan arrantzale ibili zen, eta gero, armadorea eta arrantzaleen kofradiako lehendakaria ere izan zen arren, inoiz ez du bere zaletasuna albo batera utzi, eta beti jarraitu izan du margotzen. Azken urteetan, inoiz baino gehiago margotu du”.

Bermeotarraren lanak leku askotan ikusi daitezke, bere margolanen dohaintza asko egin baititu bere bizitzan zehar. Gaztelugatxeko San Juaneko baselizan, Arrantzaleen museoan, San Pedo Arrantzaleen Kofradian… daude bere lanak. “Bermeoko ohiturak eta lanak islatzen dituzten ohitura-koadroak egiten ditu. Herriaren itsas historia errepasatzen du, portuaren iraganeko xehetasunekin eta Bermeok itsasoarekin duen lotura erakutsiz. Horren adierazgarri da udal egoitzari dohaintzan emandako margolana”, adierazi du Etxebarriak. Gizarte Ongizaterako zinegotziak dohaintza honen garrantzia azpimarratu du, bizilekuaren ingurunea aberasteaz gain, herriaren arrantza eta kultura nortasuna indartzen baititu.

 

Etxeko hormatik zaharren egoitzakora

Jose Manuel Gabantxok adierazi du 1985ean egindako margolana dela Bermeoko enbarkazioak. 1,85 x 0,90 zentimetroko taula gaineko olioa da udal ondarearen baitan geratuko den margolana, eta bertan 34 itsasontzi ikus daitezke, izan ere, itsasontziak marrazten aditua da bermeotarra. “Itsasontziak dituzten 444 koadro zenbatuta ditut buruan, nik neuk egindakoak, eta asko dohaintzan emandakoak”, aipatu du. Udal zaharren egoitzak jasotako margolana 40 urtez egon da Gabantxoren etxeko horma batean eskegita; dioenez, erlikia bat da beretzat. “Senitartekoek faltan botatzen dute koadroa etxeko horman, baina leku hori betetzeko beste lan bat egin dut dagoeneko”, azaldu du.

Margolariarentzat “ohorea” da bere artea herriko jendearekin partekatu ahal izatea, batez ere, urteetan zehar Bermeoko historiaren eta kulturaren lekuko izan direnekin, eta hala adierazi du gaurko ekitaldian.

Gizarte Ongizaterako saileko zuzendari Jose Ramon Alberdik ere eskerrak eman dizkio margolariari: “Opari honek udal zaharren egoitzako ingurua edertzeaz gain, egoiliarrei inspirazioa eta itsasoko oroitzapenak ekarriko dizkie, Bermeoren historian errotuta dagoen elementua baita”.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eta Gabantxok Bermeoko enbarkazioak margolana udal ondasunen barruan geratzen dela baieztatzeko dokumentua sinatu dute gaur. “Keinu honekin, Jose Manuel Gabantxok bere herriarekiko eta bere jendearekiko konpromisoa berresten du, herriaren oroimenean iraungo duen arrasto artistikoa utziz. Eskerrik asko Jose Manuel zure dohaintzagatik”, adierazi du alkateak.

06 / 03 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0