Albistea
Bermeoko Arane kiroldegiko kantxako fokuak aldatu dira eta LED sistema duten fokuak jarri dira. Horrela, alde batetik, argi gutxiago kontsumituko da eta horrek aurreztea ahalbideratuko du; bestetik, kantxa hobeto argiztatuko da eta fokuen aldaketa errazagoa izango da, Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, jakinarazi duenez.
Ormaetxeak azaldu duenez, orain arte 25 foku izan ditugu eta 16,4 kw/orduko kontsumitzen zuten kiroldegiko kantxako argiak pizten zirenean. “Orain, LED sistema daramaten 22 foku jarri dira eta 4,4 kw/orduko kontsumituko dute kantxako argiek sistema honekin, hau da, 12kw/orduko gutxiago”, nabarmendu du.
Horrek, adierazi duenez, “aurreztea ahalbideratuko du eta, gainera, era berean, LED sistema duten foku berri hauekin hobetu egin dugu joko eremuaren argiztapena, lehen gune batzuk txarto argiztatuta baitzeuden”.
Ildo berean, Kirol zinegotziak adierazi duenez, argi berrien proiektu honek foku aldaketa erraztuko du; izan ere, lehen fokuak aldatzeko kantxa ezin zen erabili, aldamioak munta behar zirelako, eta egun dauden argi berriekin goiko aldean dagoen pasarela erabili da fokuak eskegitzeko eta hortik aldatu ahal izango dira.
“Bestalde, LED foku hauen bizi iraupena besteena baino luzeagoa da eta horrek ere aurrezten lagunduko digu”, zehaztu du. Argiztapen proiektu hau martxan jartzeko inbertsioa 9.000 eurotakoa izan da eta, aurrezpena suposatuko duenez, hiru urte inguruan amortizatzea aurreikusten da.
Irune Ormaetxeak azpimarratu duenez, Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren “helburu bat da instalakuntzen kudeaketa eraginkorra egitea”. “Egindako inbertsioa bat dator helburu horrekin”, gaineratu du.
“Bermeoko Udal kirol patronatuaren xedea da Udal Kiroldegiak kalitatezko zerbitzu modernoak eskaintzea eta instalazio egokiak izatea; izan ere, kirolaren aldeko apustua egitea herritarren osasunaren aldeko apustua egitea da”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)