Albistea
Jakina da Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko baliabide turistiko garrantzitsuenetako bat dela, eta bisitari kopuru handia hartzen duela. Kultura eta ingurumen aberastasun handiko ingurunea da, eta guztion artean zaindu beharra daukagu. Modu horretara, aurten ere, Aste Santurako (Apirilaren 17tik 21era) Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez.
Bisitek hiru helburu nagusi dauzkate: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea, eta hauek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik jasotzea.
Bermeoko Turismo Bulegoak hurrengoa eskaintzen du: Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketa. Gutxi gorabehera, hiru orduko bisita gidatuak dira, eta 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik.
Dagoeneko erreserbak egin daitezke www.bizibermeo.eus webgunearen bitartez. Nagusiek 14 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 16 urte bitartekoentzat 9 euro izango da, eta euro bat ordaindu beharko dute, berriz, 6 urtetik beherakok. Gehienez, 6 urtetik beherako 2 ume joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko. Informazio gehiago behar dutenek Turismo Bulegoan bertan eska dezakete, 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus –era idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu hauen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukera izango dute, bermeotarren sinesmen, erritu eta ohituren bidez; baseliza ere bisitatutako dute.
Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukera izango dute erreserba egiten dutenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra ere badago, bere bi itsasargiekin. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko dizkiete.
“Ingurune babestu hori guztion artean zaindu beharra daukagu. Zerbitzu honekin Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatu gura dugu, ikuspegi ekoturistiko batetik”, adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek.