Albisteak

Albistea

Eskualdeko 300 gazte baino gehiago elkartu dira gaur Gernika-Lumon egindako Busturialdeko boluntariotza azokan

  • Gernikako Jai Alai frontoiak hartutako topaketa honen helburua Busturialdeko gazteen artean boluntariotza kulturaren grina piztea izan da eta parte hartu duten elkarte eta erakundeei boluntario berriak erakartzeko aukera eskaintzea

Busturialdeko  gazteen artean boluntariotza kulturaren grina pizteko helburuarekin, 300 gazte baino gehiagok hartu dute parte gaur goizean Gernikako Jai Alai frontoian egin den Busturialdeko I. Boluntariotza Azokan. Busturialdeko ikastetxeetako ikasleez gain (gehienak Batxilergokoak), eskualdeko beste udalerrietatik etorritako hainbat gaztek ere, azokan parte hartu duten erakunde eta elkarte desberdinen lana ezagutu eta beraien eskaintza zein egunerokotasunean dituzten zereginak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute.

Ekimena, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera eta BizkaiaGara erakundearen eskutik, eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako Udalak batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak bultzatu dute. Arestian esan bezala, azokak bi helburu nagusi jarraitzen ditu. Alde batetik, Busturialdeko gazte boluntariotza sustatu eta ezagutaraztea, bere garrantziari buruz sentsibilizatzea eta boluntariotza alorra indartzea. Bestetik, parte hartu duten elkarte eta erakundeei boluntario berriak erakartzeko aukera eskaintzea.

Bertaratu diren erakundeak Busturialdekoak ez ezik, Bizkaia mailakoak eta Euskal Autonomi Erkidego mailakoak ere izan dira. Guztira esparru desberdinetan lan egiten duten 15 erakunde baino gehiago izan dira presente azokan, horien artean, azpimarratzekoak dira: Gorabide, Bermeoko Herri Babesa, Lekitto Bedarra, Sare Berdeak, Hartu Emanak, Secot Bizkaia, Gregorio Ybarra Elkartea, Gurutze Gorria, Adeco, EGK, TANTAK, Moviéndote Elkartea, Aspace, UNRWA, Euleuk, Ahida eta AVIFES, besteak beste.

Goizeko 9:30ean hasi eta 13:30ak arte, gazteek dinamika parte hartzaile desberdinak egin, elkarteak ezagutu eta hauekin loturak sortzeko aukera izan dute. Busturialdean, Bizkaian eta nazioarte mailan dauden boluntariotza aukeren berri ere izan dute. Honez gain, Europako boluntariotzari buruzko informazioa jaso eta Europatik etorritako boluntarioekin hitz egiteko aukera zuzena izan dute. Esperientzia inspiratzaileak eta harreman berriak sortzeko espazio desberdinak ere ezagutu dituzte.

31 / 01 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0