Albistea
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak pausoak ematen jarraitzen du, jarduera desberdinak antolatuta. Oraingoan, Bermeoko Mugimendu Feministak proposatutako tailer bat antolatu du: “Menopausiatik Plenopausiara”. Denetara, hiru saio izango dira: apirilak 26 eta maiatzak 3 eta 10. Saio bakoitza bi ordukoa izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan batuko dira izena ematen dutenek. Izan ere, tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora mezu bat idatzita edo 688 63 84 49 telefono zenbakira deituta. Tailerra 40 eta 55 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago.
Gorputza Da Bidea elkarteko kide Ana Valles Renteria bermeotarrak gidatuko du tailerra. Horren bitartez, menopausiaren konnotazio negatiboei aurre egitea da asmoa. “Menopausia sasoian beste aukera batzuk zabaltzen dira, trantsizio momentu bat da. Begirada positiboago batetik begiratzen saiatuko gara, modu zabalago batean hartzen, estigmatizazio negatiboa kenduta”, azaldu du Vallesek.
Lehenengo saioan, testuinguruan jarriko dituzte menopausiari buruz dauden konnotazio negatiboak, eta emozioak eta zalantzak landuko dituzte. Bigarren saioa emozioetara eta rol aldaketetara bideratuta egongo da, betiere, praktikora eroanda. Vallesek azaldu du tailer batetik bestera parte hartzaileek etxerako lanak izango dituztela, “lanketa bat egiteko”. Hirugarren eta azken saioa, elikadura eta gorputz mugimenduarekin lotuta egongo da; “sasoi hori, osasun mentalarekin batera, ahalik eta modurik egokienean bideratu ahal izateko”. Tailerra, hain zuzen ere, hiru galderetan oinarritzen dela dio Vallesek: “Zer dakite? Zer jakin behar dute? Eta zer jakin nahi dute?”.
Metodologia teoriko-praktikoa erabiliko da, parte hartzea eta pertsonen arteko partekatzea ahalbideratzen duten dinamika desberdinetan oinarrituta: “Leku seguru bat sortzea da helburua, parte hartzea bultzatzeko. Garrantzitsua da ikuspuntu desberdinak ezagutzea, gauzak elkarbanatzen direnean ikarak ere gutxitu egiten direlako”.
Bermeoko Udaleko Berdintasun zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok 40 eta 55 urte bitarteko emakumeak animatu ditu parte hartzera, tailerra “interesgarria” izango delako. Era berean, Bermeoko Mugimendu Feministako kideei eskerrak eman dizkie proposamenak egiteagatik, “proposamenak beti ongietorriak baitira”.
Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak nahitaezkoa ikusten du herritarren parte hartzea, ekintzak proposatu eta antolatzeko orduan. Horregatik, Bermeoko Mugimendu Feministak egiten duen lana goraipatzen du.
010 (94 617 91 00)