Albisteak

Albistea

'Habiak' liburuaz aritzeko irakurle txokoaren saioa martxoaren 9an, eguaztenean

Maite Gurrutxaga marrazkigilearen ‘Habiak’ liburuaz hitz egiteko irakurle txokoaren beste saio bat egingo da martxoaren 9an, eguaztenean, Bermeoko Udal Liburutegian arratsaldeko 18:30etatik aurrera. 

Egilea bera, Maite Gurrutxaga, izango da saioan eta berarekin zuzenean komiki formatuan egindako liburuaren gainean berba egiteko, iritzia emateko eta egileak komikia egiteko kontuan izan dituenak partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da ‘Habiak’ liburuaren ardatza.

Maite Gurrutxagaren pintzelek bi protagonisten hasierako aditu ezinen eta hartu-eman gatazkatsuen testigu izango dira. Baina, zuhaitzetako sustraiek hirietako espaloiak zartatzen dituzten gisan, bien iraganek oraina pitzatuko dute, laguntasun istorio hunkigarri bati hasiera emanez. Desterratutako hegaztiei buruzko liburua da, hegan egin ahal izateko sustraietara bueltatu behar dutenen istorioa.

Irakurle txokoan hilean behin, hirugarren eguaztenean , hain zuzen be, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Ekimen horrekin honako helburuak lortu nahi dira: euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.

Bermeoko Udal Liburutegiak azaldu duenez, irakurle txokoan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiak liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri.

 

 

 

 

07 / 03 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0