Albistea
Bermeoko Arrain Azokaren kartel lehiaketaren lanak aurkezteko epea martxoaren 12ra arte, domekara arte, eguerdiko 14:00ak arte, dago irekita. Lanak Bermeoko Turismo bulegoan aurkeztu behar dira.
Aurreko bi urteetako esperientziak kontuan hartuta, aurten ere Arrain Azoka Elkarteak XXIII. Arrain Azoka iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du. Horrela, lehiaketara aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Arrain Azokako egitarauren foiletoaren azala eta kartel iragarlea.
Kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko du, eta kartelean testu hau jarri beharko du: “XXIII. Arrain Azoka. Maiatzaren 19, 20 eta 21ean. Bermeo”. Egileak askatasuna dauka lelo bat ere txertatzeko bere lanean. Oinarri guztiak Bermeoko Udaleko web gunean (www.bermeo.eus) eta Turismo Bulegoan eskura daitezke.
Lehiaketan parte hartuko duten kartelak Arrain Azokaren asteburuan ikusgai egongo dira. Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kidez osatuta egongo da; eta lan irabazlea martxoaren 13an aukeratuko da, eta martxoaren 14an jakinaraziko da Bermeoko Udalaren web gunean.
Saria 600 eurokoa izango da, eta maiatzaren 19an Hegaluze Sariko ekitaldian emango da. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 22tik 28ra artekoa izango da Bermeoko Turismo bulegoan.
Arrain Azoka Elkarteak interesa duten herritarrei lehiaketan parte hartzera gonbidatu die, “arrain azoka guztion artean egin nahi dugulako”.
010 (94 617 91 00)