Albisteak

Albistea

Hazilan programaren 2.faseari ekin dio Udalak eta 20 gazte eskualdeko enpresetan praktiketan hasiko dira

Hazilanen parte hartzen ari diren gazteak oso ondo baloratzen dute programa “lana bilatzeko metodo eta erremintak” eskaintzen dituelako

 

20-35 urte bitarteko gazteei laneratzen laguntzea helburu duen HAZILAN programari hasiera eman zion Bermeoaldeko Behargintzak joan den otsailean eskualdeko 20 gazteren parte hartzearekin eta orain bigarren faseari, ‘Kokatu’ faseari, hain zuzen ere, ekin dio. Fase honetan 20 gazteak eskualdeko enpresetan praktikak egiten hasiko dira. 

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Garapen zinegotziak, eta Hazilan programan parte hartzen ari diren Gorka Goikoetxea eta Leire Bergarak. Goikoetxeak eta Bergarak Hazilan programa oso ondo baloratu dute eta “lana bilatzeko metodo eta erremintak” eskaintzen dituela adierazi dute, besteak beste. 

Ormaetxeak adierazi duenez, langabezia-egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa) laneratzeko proiektua da Hazilan. “Kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik”, zehaztu du. 

Horregatik, adierazi duenez, “Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez”.  Horrela, Ormaetxeak azaldu duenez, joan den otsailean Hazilanen lehen fasea,  “Aktibatu”, jarri zen martxan, pertsonengan motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna, eta komunikazioa sustatzea, besteak beste, dituena  xede. 

“Helburua pertsonak prestakuntza pertsonalizatu baten bitartez eta coach baten laguntzaren bitartez aktibatzea izan da; horretarako, alderdi psikologikoak eta emozionalak ez ezik, lanbide-garapena lortzeko behar diren konpetentziak ere landu dira”, gaineratu du. “Aktibaturen emaitzak oso positiboak izan dira eta lan giroa oso ona da gazteen artean”, azpimarratu du.

Orain, adierazi duenez, “Hazilanen bigarren fasean sartu gara “Kokatu“ deritzona”. “Honetan praktikak egiteko hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko egonaldiak gauzatu behar dira enpresetan, lanpostua eta lanbide-profila kontuan hartuta. Enpresak gidatzen du prozesu osoa, eta Hazilan proiektuko teknikari batek egiten du jarraipena”, azaldu du. 

Ormaetxearen esanetan, Bermeoko Udalaren kasuan, 20 gazte joango dira praktiketan eskualdeko enpresetara ( Bermeo, Busturia, Gernika, Mungia…). Orokorrean, praktiken hasiera hile honetan izango da eta luzapena uztailak arte  izango da, 4 ordu eginez egunero. “Profilen artean, besteak beste, psikologoak, ingeniariak, historialariak, filosofoak eta goi mailako administrariak ditugu, eta enpresen aldetik gehienak enpresak ertainak eta txikiak dira”, esan du. 

Hazilan-en gazteen esperientzia 

Bestalde, Gorka Goikoetxea eta Leire Bergara gazteek euren esperientziaren berri eman dute eta Hazilan proiektua zelan bizitzen ari diren azaldu dute. Biak positibo bezala baloratu dute. Goikoetxeak adierazi duenez, gauza berri asko ikasten ari naiz, izan ere unibertsitatean ikusi ez ditudan arlo pilo landu ditugu”. “Lana bilatzeko metodo eta erremintak ezagutzeko aukera eman dit HAZILAN-ek”, nabarmendu du. 

Bergarak esan duenez, “momentuz, Hazilan proeiktuari esker, ikasketak burutu ditudan arloan praktikak egingo ditut”. “AKTIBATU, proiektuaren lehenengo fasean, gauza asko eta asko beste modu batera ikusten ari naiz, lana bilatzeko aukera desberdinak, besteak beste. Gainera, lan eskaintzen aurrean nola jokatu eta entrebista pertsonaletan izan beharreko jarrera ere ikasten ari naiz; horrela etorkizunean erronka berriei nola aurre egin jakiteko”, azaldu du. 

Biak oso gustura daudela eta esperientzia baliogarri moduan baloratu dute, eta klaseetako giro ona nabarmendu dute. “Coach edo formatzaileen jarrera oso dinakimoa da”, adierazi du Goikoetxeak. “Behargintzako langileek asko lagundu gaituztela nabarmenduko nahi nuke”, gaineratu du Bergarak. 

Hazilan proiektuaren barne egiten ari diren guztia “etorkizunean erabilgarria” izango dela azpimarratu dute bai Goikoetxeak zein Bergarak.  “Esperientzia oso positiboa da”, gaineratu dute.

15 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0