Albisteak

Albistea

Bermeok “Beruala kasua” itxi du, EAJren eta Guzanen aldeko botoekin eta EH-Bilduren abstentzioarekin sinatu den akordioaren bitartez

-Hitzarmenaren oinarri gisa, Berualak 1.249.991 euroko kalte-ordaina ordainduko dio Ibarretas XXI S.L. eraikuntza-enpresari 2022ko martxoaren 18a baino lehen, eta horri esker, ez da eraikinaren parte bat berriro aldatu edo/eta eraitsi beharko, eta etxebizitzak salgai jarri ahal izango dira, diru horrekin kalte-ordaina ordaintzeko, horrela Berualaren kaudimen eza edo porrota saihestuz

Bermeon, 2020ko azaroaren 23an.- Berualak, Bermeoko Hirigintza Berriztatzeko Sozietateak, amaiera eman dio San Martin auzoan egin zen etxebizitzen sustapen bat dela eta Ibarretas XXI S.L. eraikuntza enpresarekin izandako 11 urteko gatazkari. Horretarako, EAJren eta Guzan alderdien babesa izan duen akordioa sinatu da. EH-Bildu abstenitu egin da.

Itun horren oinarria da, Berualak 1.249.991 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diola Ibarretas XXI SLri 2022ko martxoaren 18a baino lehen. Eraikinaren zati bat berriro aldatu edo/eta eraitsi behar izatea saihestuko da, eta etxebizitza horiek salmentan jarri ahal izango dira, diru horrekin kalte-ordaina ordaintzeko, Berualaren (eta, ondorioz, Bermeoko Udalaren) kaudimen eza edo porrota saihestuz. Izan ere, sozietate publikoak eta Udalak ez dute kontrako epai batek ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko gaitasunik.

“Horrela amaiera ematen zaio prozedura zibil luze bati. Gainera, akordioaren barruan, exekuzio unitate horren eta eraikinaren beraren aurka irekitako gainerako auziak, bai administratiboak bai judizialak, artxibatzea dago aurreikusita, eta baita etorkizunean auzi gehiago irekitzeko aukera ere”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Akordioa sinatuta, amaiera ematen zaio epaileak 2018an emandako azken autoaren ondorioz irekitako prozedura judizialari. Bertan esaten denez, 2015ean teilatuaren zati bat eta etxebizitza-blokearen azken solairua eraitsi zituenean, Berualak ez zuen bete bi aldeek 2013an epaitegian homologatutako proiektua. Epai horrek, beraz, erabakitakoa betearaztera behartzen du Beruala.

Horretarako, ebazpenerako bi aukera zituen, biak ere lortutako akordioa baino garestiagoak eta Beruala porrot-arriskuan jartzen zutenak. Epailea aukera bien artean erabakia hartzeko prozesuan egon da, peritu bati eskatutako txostenean oinarrituta. Alde batetik, demanda aurkeztu zuen IBARRETAS XXI enpresak eskatu bezala, bi aldeek 2013an epaitegian homologatutako proiektuan jasotakoa betearaztea, Bermeoko hirigintza arauetara egokituta, eta ia eraikin osoa aldatzea ekarriko lukeena. Horrek 3,3 milioi euro inguruko gastua eragingo luke Udalaren kutxetan. Eta, bestetik, Berualak bere defentsan eskatzen zuen bezala, 2015ean hasi zen bigarren proiektu bat amaitzea, hegoaldeko hegalaren aldaketa ekarriko lukeena, 700.000  euro baino gehiagoko gastua eraginez. Bi aukeretan, oraindik zehaztu barik dauden kostu judizialak eta obrek irauten duten bitartean eraikina mantentzeko gastuak (Berualako gerenteak berak egindako txostenaren arabera, eragin hori 250.000 €-tik gorakoa da urtean) gehitu beharko lirateke. Ondorioz, egoerarik onenean ere, Berualak milioi bat euro baino gehiago ordaindu beharko lituzke.

Horrela, bada, alderdien arteko akordioak 11 urte baino gehiago luzatu den auzia ebazten du, interes publikoarentzat ahalik eta kalte gutxien eraginez, eta, azkenik, auziak ukitutako babes ofizialeko etxebizitzen salmenta aktibatzeko aukera ematen du.

Bermeon babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko beste aukera bat ireki da. 36 etxebizitza berri jarriko dira laster salgai, eta horien salmentarekin Berualak akordioaren zenbatekoa ordainduko dio Ibarretas XXI SLri. Horrela, sozietateak porrot egiteko arriskua desagertu egingo da, horrek Udalari ekarriko lizkiokeen ondorioekin, eta etxebizitza horien hipoteka-karga kentzea eta erakundearen porrot-arriskua etetea ahalbidetuko dio Berualari, udalerriarentzat ekonomiaren ikuspegitik kaltegarriak diren ondorioak saihestuz.

Akordio horrekin, gainera, San Martin ingurua biziberritu ahal izango da, eta, aldi berean, etxebizitza horiek erosiko dituztenek euren bizitza proiektua Bermeon aurrera eramateko aukera izango dute.

23 / 11 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0