Albistea
Kanpaina hau euskal abizena gaztelaniazko grafiaz idatzita duen herritarrari zuzenduta dago
Bermeon, 2022ko martxoaren 16an.- Bermeoko Udalak euskal abizena gaztelaniazko grafiaz idatzita duten bermeotarrak abizen hauek euskaraz idaztera animatu nahi ditu. Horretarako, 2010. urtetik egiten duen kanpainari 2022an ere jarraipena emango dio. Ekimen honek UEMAren laguntza du eta martxan jarri zenetik 400 espediente inguru bideratu dira Bermeoko Bake epaitegian.
Herritarrek euren abizenak aldatzeko eman behar dituzten pausuak argitzeko UEMA-k eta Bermeoko Udalak prestaturiko informazio-orria eta kartelak banatuko dira hainbat udal zerbitzutan. Hala nola Berhaz bulegoan, idazkaritzan, Gazteria Zerbitzuan (GIZ), Behargintzan, Musika Eskolan, Kultura Sailean, Liburutegian, Kiroldegian, herriko ikastetxeetan, euskaltegietan, Hizkuntza Eskolan…
Informazio-orrietan jasotzen dira aldaketa egiteko eman beharreko hiru pausuak:
1) Erregistro zibilean edo bake epaitegian aldaketa eskatu.
2) Eskaera orria bete.
3) Agiri hauek eraman:
a. nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman behar du)
b. hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da)
c. errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko du)
d. familia liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak baditu); etaseme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko: www.euskaltzaindia.eus
Gainera, epaitegian aukera badago inskripzio hauek euskaraz egiteko: jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzioak eta horretarako gonbitea ere egin nahi da kanpaina honen bitartez.
010 (94 617 91 00)