Albistea
-Uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 29ra bitartean iraungo du lehiaketak eta pintxoek Bermeo Tuna World Capital bereizgarria izango dute
-Bermeoko 20 establezimenduk parte hartuko dute eta parte-hartzaileak behar bezala identifikatuta egongo dira
Bermeon, 2021eko uztailaren 01ean.- Hegaluzeak Bermeorekin duen lotura behinolakoa da, herriko ohituretan sustraituta dagoena. Udalerriko iraganaren, orainaren eta etorkizunaren parte da eta horregatik, Bermeoko Udalak mundu mailako erreferente bilakatu nahi du. Asmo horrekin sortu zen Bermeo World Tuna Capital, atunaren balio-kate osoaren lana balioztatzeko, modu jasangarri eta arduratsuan egindako arrantza-jarduera sustatuz. Horren haritik, hain gurea den produktu horren kontsumoa bultzatze aldera, Udalak, beste behin, Bermeo Tuna Pintxo Tour lehiaketa antolatu du.
Aurtengo udan, Bermeoko 20 establezimenduko barretan hegaluzerik onenaz gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnak. Lehiaketak, uztailaren 3tik abuztuaren 29ra bitartean iraungo du, pintxoek Bermeo Tuna World Capital bereizgarria izango dute eta ostatuak behar bezala identifikatuta egongo dira.
Kontserban, freskoa, keztatuta…herriko ostalariek beraien proposamen berezia eskainiko dute egunero gutxienez 12.00etatik 14:00ak aldera. Proposamen tradizionaletik abangoardiara, hegalaburra eta hegaluzea modu anitzetan prestatuta aurkituko dituzte bezeroek.
Gainera aurtengoan, udalerriko 10 ostalarik prestakuntza-programa baten parte hartu dute Artxandako Bilboko Ostalaritza Eskolan, atunari lotutako esperientzia gastronomikoan erreferente izateko eta era berean teknika aurreratu berrietan trebatzeko. Atunaren eskaintza gastronomiko berritzaile eta nortasun-sortzailea bilatu asmoz aritu dira buru-belarri eta lehiaketan ikasketa horietan barneratutakoa plazaratuko dute.
Bermeo Tuna Pintxo Tour-en bidez, atunari edo hegaluzeari, behar duen balioa ematen zaio, bere arrantzuan jasangarritasunaren baldintzak bete direla ziurtatuz eta era berean, Bermeo atunaren hiriburu gisa posizionatuz.
Lehiaketan parte hartzea oso erraza da, Turismo bulego zein ostatuetan, bezeroek, liburuxka bat izango dute eskuragarri, bertan, dastatzen dituzten pintxoak ordenatu beharko dituzte 1etik 6ra. Dastatutako pintxo bakoitzarekin zigilu bat banatuko zaie eta seirak dituztenean Turismo Bulegora eraman beharko dituzte abuztuaren 30a baino lehen. Bermeo Tuna World Capital-en eskutik Bermeoko enpresen hiru produktu-sortaren zozketan sartuko dira.
010 (94 617 91 00)