Albisteak

Albistea

Bermibusek 'Zure txakurra, Zure ardura' kanpainaren irudia zabalduko du

 

Bermibusek ‘Zure txakurra, zure ardura’ Bermeoko Udalaren kanpainaren irudia zabalduko du, txakurrak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko helburuarekin. Horretarako,  autobusaren atzealdean aipatutako kanpainaren leloa eta irudia ikus daitezke, hau da, pertsona bat bere txakurraren kaka jasotzen. Horrela, Bermibusek herri guztian zehar mezu horren berri emango du. 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, adierazi duenez, jakin badakigu herritar askok “jarrera ona” dutela, euren animaliak “oso ondo zaintzen dituztela”, dagozkien “arauak betetzen dituztela” eta euren “kakak jasotzen dituztela”. Baina, esan duenez, “zoritxarrez batzuek ez dute horrela egiten, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz eta herria txukun izatea galaraziz”. “Horregatik mezu hau berriro ere gogoratzea eta Bermibus bidez egitea erabaki dugu”, azpimarratu du. 

Ibarrolazak txakur bat izateak duen arduretariko batzuk gogoratu ditu eta horiek ez betetzearen ondorioen berri eman du,  besteak beste. Ildo honetan, adierazi duenez, txakurrak erroldatuta eta identifikatuta egon behar dira eta horretarako mikrotxip bat jarri behar dio gaitutako albaitari batek. Horrela ez bada, arrisku bako txakurren jabeek 200 euroko isuna izango dute eta 500 eurokoa arriskutsuak izan daitezkeenenak. 

Txakurrak bere ezaugarrietara egokitutako ugalaren bidez lotuta eraman behar direla ere adierazi du, ugalaren luzeera gehienez bi metrokoa izan daitekeela zehaztuz. Hori egiten ez duten txakurren jabeek 301 euroko isuna izango dute arrisku bako txakurretan eta 500 eurokoa arriskutsuak izan daitezkeenetan. 

Leku guztietan txakurren arduradunek kakak batu behar dituztela eta txiza kontrolatu behar dutela azpimarratzen da, bestela 200 euroko isuna izango dutela. Horrez gain, pertsona bakoitzak txakur arriskutsu bat bakarrik eraman ahal duela aipatu du eta horrela ez bada 200 euroko isuna jarriko zaiola. 

“Txakurrak arduraz zaintzen dituzten pertsonak asko dira, dagozkien lizentziak dituztenak, arauak betetzen dituztenak, eta txakurren kakak batzen dituztenak, animaliaren onerako eta herriaren onerako, baina animaliak dituzten pertsona guztiak euren ardurak betetzea lortu behar dugu eta hori da gure helburua, animaliaren, jabearen eta herri guztiaren segurtasunerako eta onerako eta gure herria garbi mantendu ahal izateko”, adierazi du.

 

 

30 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0