Albistea
Gaur goizean egindako ezohiko osoko bilkuran, 23.083.944,20 euroko aurrekontua onartu da, iaz baino %2,5 gehiago.
Inbertsioetara 826.748,31 euro bideratuko dira eta kultura, kirol eta gizarte-ekintzako herriko taldeekin elkarlanerako 677.075,84 euro bideratuko dira.
Bermeon, 2019ko abenduaren 13an.- Bermeotarrek “herri hobe bat egiteko” 23.083.944,20 euroko aurrekontua izango dute datorren urterako. Hori azpimarratu du gaur goizean herriko alkate Aritz Abaroak. Izan ere, gaur goizean egin den osoko bilkuran, 2020rako aurrekontua onartu da. Honela, 2019koarekin alderatuta, %2,5 igoera egongo da. Bermeoko alkateak oso balorazio positiboa egin du, izan ere, “bermeotarron beharrizanei zuzenean erantzuten dion aurrekontu proiektua aurkeztu dugulako”, aipatu du.
Udal Gobernuak legealdi hasieran markatutako ardatz estrategiko eta lan lerroekin zuzen-zuzenean lotuta dagoen proiektua onartu du. Honela, hiru ardatz estrategiko hauei erantzuten die aurrekontuak: bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeari,aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sortzeari eta nortasuna eta gestio arduratsua balioan jartzeari. Aritz Abaroak azpimarratu duenez, “Udal Gobernu berri honentzako garrantzitsua da bere ardatz estrategikoekin eta lan-lerroekin bat datozen aurrekontuak urtea amaitu aurretik onartuta izatea”.
Aurrekontuaren nondik norakoak:
Bermeoko aurrekontu bateratua lau ataletan antolatzen da: Udaleko aurrekontua (19.167.328,74 euro), Gizarte Ongizate Udal Patronatuko aurrekontua (5.543.946,52 euro), Kirol Patronatuko aurrekontua (1.141.603,90 euro) eta Berualako aurrekontua (580.000 euro).
Diru sarrerei dagokionez, iaztik hona igoera egon da. Bizkaiko Foru Aldunditik (Udalkutxa) datozen sarrerak %3,9 igo dira (11.042.299 euro, guztira) eta, bestetik, osoko bilkurak urrian aho batez onartu zituen prezio publikoen, tasen eta zergen eguneraketek ere, igoera ekarri dute. Gastuei dagokionez, bataz beste, pertsonal gastuak aurrekontu guztiaren %62 izango dira (14.328.313,80 euro) eta gastu korronteak %27 (6.333.999,20 euro). Kirol, kultura eta gizarte-ekintzako herriko taldeek aurrekontuaren %3a (677.075,84 euro) jasoko dute eta inbertsioetara %4a bideratuko da, 826.748,31 euro, hain zuzen ere. Azkenik, zorraren ordainketarako (interes + amortizazioak) 667.707,05 euro (%2,89) bideratu dira.
Helburu estrategikoak garatzeko aurrekontua:
Bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sortzeko eta nortasuna eta gestio arduratsua balioan jartzeko honako partidak gorde dira.
Bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko 14.843.571,87 euro (%64) erabiliko dira. Atal honetan, besteak beste, honako ekintzak burutuko dira:
- Bermeo garbi mantentzera 2,1 milioi eurotik gora bideratuko dira. Besteak beste, datorren urtean kontenedoreak eta sastar batzeko kamioiak berriztuko dira; kontenedore-guneak edertu eta txukuntzeko diru partida jaso da; kale eta gune publikoetan garbiketa bereziak egingo dira horretarako makina egokiak erabiliz.
- Irisgarritasuna eta mobilitatea hobetzera 1,3 milioi eurotik gora bideratuko dira. Besteak beste, Itsasbegin aparkaleku berriak egiteko lurrak eskuratzeko diru-partida jaso da; saihesbideko lotura eta bidegurutzea exekutatuko dira; Itsasbegi-Iparragirre auzoetan tunelaren atzetik bidea egingo da eta igogailu edo elementu mekanikoen proiektua egitea aurreikusi da; herriko gune desberdinetako espaloiak berriztu eta kaleak asfaltatzeko 81.000€ko diru-partida doitu da eta baserri-auzoetan bideak egokitu eta argiztatzeko 50.000€ko aurreikuspena egin da.
- Bermeo seguruago bat lortzera 1,6 milioi eurotik gora bideratuko dira. Kasu honetan, ohiko gastuez gain, Udaltzaingo eta Herri Babesarentzako ekipamendu berriak erosiko (arropak, lan-tresnak, seinaleak…) dira.
- Bizimodu osasuntsurako eta kalitatezko kirol instalazioetara 1,4 miloi euro bideratuko dira. Aipamen berezia merezi dute kiroldegiko larrialdiko eskailera eraikitzeko proiektuaren exekuzioak eta futbol zelaiko belarra aldatzeko proiektuarenak. ‘Hermano’etako kirol instalakuntzetan hobekuntzak egiteko diru-partida ere jaso da.
- Denontzako Bermeo egitera 7,5 miloi eurotik gora bideratu dira. Besteak beste, aisialdirako guneak egokitzera 327.471 euro (2020rako txakurgunea egingo da eta herriko gune desberdinetako hesiak berrituko dira); ingurune eta balore naturalak zaindu eta balioan jartzeko 124.713 euro (aldaketa klimatikoari aurre egiteko diagnostikoa eta ekintza plana egingo da eta Tonpoia gune natural bilakatzeko proiektu berdimentsionatua landuko da); gizarte politikak, berdintasuna eta gizarte-zerbitzuetara 5.607.946 euro (Etxez-etxeko zerbitzua, Kontsumo bulegoa, Gizartekintza, Zaharren Egoitza, Berdintasuna planarebn exekuzinorako kontratua, gizarte arloko elkarteekin elkarlanerako diru-laguntzak…); Gazteentzako politiketara, zerbitzuetara eta proiektuetara 165.033 euro (besteak beste, adikzioen kontrako plangintza egingo da 2020an eta Gazteleku eta Ludoteka zerbitzuak indartuko dira); Musika zaletasuna, gazteen formazioa eta irakurzaletasuna zabaltzera 1.308.891 euro.
Aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sortzeko 1.249.796,12 euro bideratuko dira (%6). Atal honetan, besteak beste, honako ekintzak burutuko dira:
- Bermeo bizi bat lortzeko proiektu eta zerbitzuetara 700.000€ bideratuko dira. Aipatzekoa da datorren urtean ostalaritza eta komertzioa biziberritu eta sendotzera bideraturiko programak egingo dirala; komertzio eta ostalaritza berraktibatzeko dinamizaziorako adituak kontratatuko dirala elkarteekin batera lan egin eta herri mailako estrategiak diseinatzeko; merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko ekintzetarako diru-laguntzak bideratuko dirala eta Udal azoka biziberritzeko plan integrala egingo dala. Gainera, Alde Zaharra biziberritzera zuzenean bideraturiko proiektuetarako 40.000€ gorde dira LOKALBIDE programa martxan jarri eta alde zaharra biziberritzeko diru laguntzak emateko. Azkenik, lan orientazioa, lan munduan integrazioa, enpresen lehiakortasuna eta ekintzailetza sustatzera 280.597,57 euro bideratuko dira Behargintzatik.
- Mundura zabalik dagoen Bermeo lantzera 400.000€ bideratuko dira. Besteak beste, Bermeo Gaztelugatxeko sarrera bilakatzeko proiektu estrategikoak diseinatu eta martxan jarriko dira (lanzadera zerbitzuak abian jarri eta geure herriko guneetatik bisita gidatuak antolatu); herriko eskaintza turistiko erakargarri eta jasangarria balioan jartzeko produktu turistikoak landuko dira herriko eta eskualdeko eragileekin elkarlanean; bertoko produktuen kanpainak egingo dira; ‘Bermeon bizi’ proiektuaren aldeko apustu sendoa egingo da (kontserbera eta kofradiara bisitak); herriko informaziorako materialen hornidura gauzatuko da (mapak, eskuorriak…) eta Bermeo World Tuna Capital proiektuaren aldeko apustuarekin jarraituko da.
Azkenik, nortasuna eta gestio arduratsua balioan jartzeko 6.990.576,20€ (%30) bideratuko dira. Atal honetan, besteak beste, honako ekintzak burutuko dira:
- Gobernu ireki eta arduratsua izatera 4,6 milioi eurotik gora bideratuko dira. Besteak beste, udaleko errekurtso ekonomikoen gestio zorrotza egitera, herritarrei kalitatezko eta gertuko arreta zerbitzuak eskaintzera, herritarrentzako zuzeneko informazio gardena bideratzera, eta udal ondarearen mantenura bideratuko da dirua.
- Geure nortasuna balioan jartzeko partida eta proiektuetara 1,2 miloi eurotik gora bideratuko dira. Ekintza nagusien artean aipatu egin behar dira, euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko proiektuak (berbalagun, irakurleen txokoa, euskara ikasteko laguntzak…); Bermeoko euskara balioan jarri eta zabaltzeko egitasmoak lantzeko diru-partida; 2020ko Euskaraldia; bermeotar esanguratsuen ibilbidea ezagutzera emateko proiektuak; kultur taldeei herrian ekintzak egiteko ematen zaizkien diru laguntzak; auzoetako jaietarako partida; gure produktuen azokak (San Martin, Santa Eufemia…); bertoko euskarazko komunikabideei laguntzak mantendu egingo zaizkie eta geure bertoko kirolak gazteenen artean sustatzeko programak lantzeko aurreikuspen ekonomikoa egin da.
010 (94 617 91 00)