Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaltzaingoak 70 urtetik gorako herriko 3.112 pertsona bisitatu ditu euren egoera zein den jakin, informazioa eman eta laguntza eskaintzeko

Guztira, herriko udaltzainek 2.281 etxebizitza bisitatu eta beharrizanen bat zuten 103 kasu identifikatu dituzte

Txosten horiek Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura bideratu dituzte jarraipena egin dezaten

Bermeon, 2020ko maiatzaren 22an.- Bermeoko Udalak 70 urtetik gorako bermeotarrei zuzendutako programa berezia abiarazi zuen duela aste gutxi. Izan ere, ekimen honen helburua zen arrisku egoera handiagoan egon daitekeen kolektibo honen egungo egoera aztertzea, jarraipen egokia egitea eta laguntza eta informazioa eskaintzea. Gainera, informazio liburuxkak banatu ditu asteotan etxez-etxe udalak, Udaltzaingoaren eskutik. Udaltzainek ere, prebentzioa eta segurtasuna lantzeko, 6.000 maskarila baino gehiago banatu dituzte kolektibo honen artean.

Bada, guztira, 3.112 pertsona bisitatzen saiatu da egunotan udaltzaingoa, 2.281 etxebizitzetan atea jo eta gero. Bermeotar hauetatik guztietatik 798 bakarrik edo bikotean bizi dira. Informazioa banatu eta laguntza eskaini ostean, beharrizanen bat edo ezer berezirik sumatu duen kasuetan txostena bete du Udaltzaingoak. Guztira, 103 txosten bete eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura (GOUP) deribatu dira. 103 kasu hauetatik, 23 identifikatu gabe zituen GOUP-ek.

Jasotako txosten hauei esker, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak beharrezko tramiteak egin ditu arazoari irtenbidea emateko: teleasistentzia botoiaren eskaera, etxez-etxeko zerbitzuaren edo laguntza psikologikoa beharra…

Programa hau, gainera, Udal Gobernuaren helburu estrategiko batekin zuzen-zuzenean lerratuta dago. Hots, herritarren zerbitzura dagoen gertuko udaltzaingoaren figuran sakondu nahi da. Horretarako, udaltzainak etxez-etxe joan dira, herritarrak informatu eta laguntzeko helburuarekin.

Herriko Udaltzainburu Aritz Floresek esan duenez, “herritarrek asko eskertu dute gure laguntza. Pertsona hauentzako oso garrantzitsua da Udala gainean dagoela ikustea. Egia esan, denetarik dago, baina kasu gehien-gehienetan oso ondo zainduta daude herritar hauek. Zerbait berezia sumatu dugun kasuetan txostena bete eta GOUP-era bideratu dugu. Udalaren lana ez da hemen amaitzen. Jarraipen egokia egingo dugu”.

22 / 05 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0