Albistea
Bermeoko Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, domekan, urtarrilaren 28an, Bermeoko XVIII. Herri Lasterketa egingo da. Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 8 kilometro izango ditu.
Herri Lasterketa Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza da, edonork parte hartu dezake. Herrian denok batera korrika egiteko “aukera paregabea” eskaintzen duen lasterketa dela dio Xabier Ortuzar Butron Kirol Saileko zinegotziak, eta azpimarratu du lasterketak ez duela konpetizio helbururik, “herrikoia” eta “soziala” delako.
Herri Lasterketaren helburuak hurrengoak dira: herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea, kirola herritarrei hurbildu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi eta aurreko urteetako lasterketei jarraipena ematea, korrikalarien artean erantzun ezin hobea izan duelako.
Adin tarteka banatutako 4 lasterketa egongo dira, hori bai, denak Lameratik hasiko dira.
Nagusien lasterketaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera parkea, Kai bidea , Artzako biribilgunea, Erroxape kaia, Artzako biribilgunea, Nardiz tar benanzio, Uhinurrategia, Nardiz tar benanzio, Arrantzaleen Kofradia, Arostegi, Nardiz tar Jon, Barbara Deuna, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza, Bidebarrieta, Talakoetxea, Baztarre, Aurrekoetxea, Irakaskintza, Ongintza, Tala, Tonpoia, Talako Andra Mari, Kanposantua, Aritzatxu Bidea, Matxitxako Bidea, Bide Gorri, Kiroldegia, Landabaso industriagunea, Bizkaiko Jaurerria, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza, Arostegi, Lamera parkea.
Nagusien lasterketa, 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte izango dela aurreikusten da. Hori dela eta, ordu tarte horretan, korrikalariak errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzea eskatzen da.
Bermeoko Institutuko Gela Egonkorrerako dirua
XVIII. Herri Lasterketan parte hartu gura dutenek Bermeoko Areneko kiroldegian izena eman behar dute. Umeek ikastetxeetan izena emateko aukera dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte, hala ere, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena ematea eskertzen dute. Ume, txiki eta gazteek euro bat ordaindu beharko dute, eta nagusiek, berriz, bi euro. Aurten, Herri Lasterketan batzen den dirua Bermeoko Institutuko Gela Egonkorrak jasoko du, gelako ikasleen artean kirol praktika sustatzeko helburuz.
Korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio izena ematen duenean, lasterketa egunean eraman beharko duena. Ume, txiki eta gazteek ikastetxeetan jasoko dituzte dortsalak.
Lasterketa amaitzen denean, parte hartzaileek BM supermerkatuak prestatutako opari poltsa bana jasoko dute, eta aurreko urteetan modura, dutxatzeko aukera edukiko dute Areneko kiroldegian edo Artza frontoian.
XVIII. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek lan egingo dute: Taraska Gazte-Zahar taldeak, Izaro Bikers Moto elkartea, Bermeoko Kirol, Zerbitzu eta Udaltzaingo sailak, Herri Babesak, herriko boluntarioak eta Gurutze Gorriak. Halaber, lasterketaren laguntzaileak dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, San Frantzisko Herri Eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta Bermeoko Institutua.
Ortuzarrek herritar guztiak XVIII. Herri Lasterketan parte hartzera animatu ditu, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako.
010 (94 617 91 00)