Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak enpresa bat sortuko duten ekintzaileentzako ikastaroa antolatu du

-“Oinarrizko enpresa kudeaketa” otsailaren 13tik 20ra egingo da, 30 orduko iraupena izango du eta Bizkaiko Foru Aldundiak homologatuta dago

-Ikastaroa semipresentziala izango da eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen “Enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntza” eta “Enpresen transmisiorako laguntza” jasotzeko derrigorrezkoa da

Bermeon, 2023ko urtarrilaren 20an.- Bermeoko Udalak, enpresa bat abian jartzeko asmoa duten ekintzaileei zuzendutako ikastaro bat antolatu du Behargintzaren bitartez. “Oinarrizko enpresa kudeaketa” izeneko jarduna otsailaren 13tik 20ra egingo da, 30 orduko iraupena izango du eta Bizkaiko Foru Aldundiak homologatuta dago.

“Aurreko astean, Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko dirulaguntza lerro bat jarri genuen martxan Behargintzaren bitartez eta Gernikako Lanbide Ekimenak-ekin elkarlanean. Oraingo honetan, aldiz, berriro ere bermeotarren artean enplegua sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko xedez, enpresa bat abian jartzeko asmoa duten ekintzaileei zuzendutako ikastaro hau abiarazi dugu” baieztatu du Aritz Abaroa alkateak.

Beste batzuen artean, honako gaiak landuko dira: ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, diru-laguntzak, enpresaren gizarte-erantzukizuna eta teknologia berrien erabilera.

Ikastaroa semipresentziala izango da eta BFAk ematen duen “Enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntza” eta “Enpresen transmisiorako laguntza” jasotzeko derrigorrezkoa da. Ildo horretan, diru-laguntza jasotzeko, besteak beste, ikastaroa egin, langabezian, enplegu-hobetze egoeran, EEE edo ERTE baten eraginpean egon beharko da jarduera ekonomikoetan alta eman aurretik eta gutxienez 3 hilabete lehenago Bizkaian erroldatuta egon. Diru-laguntzari dagokionez, 5.000 € eta 20.000 € artekoa izan daiteke, bazkide kopuruaren eta programaren arabera eta Behargintzan izapidetzen da.

Informazioa jasotzeko edota ikastaroan izena emateko:

Bermeoaldeko Behargintza - Zubiaur tar Kepa 26-28, 1

96 617 91 90 /autoenplegua@bermeo.eus

20 / 01 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0