Albistea
-Gainera, beste 16 lagun salatu dira 4 pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteagatik edo orduz kanpo kalean egoteagatik
Bermeon, 2021eko otsailaren 16an.- Bermeoko Udaltzaingoak 21 pertsona salatu ditu asteburu honetan lokaletan egoteagatik edo botiloia egiteagatik. Izan ere, gogorarazi behar da lokal hauek itxita egon behar dutela eta botiloia egitea erabat debekatuta dagoela. Gainera, Udaltzaingoak beste 16 lagun salatu ditu 4 pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteagatik edo orduz kanpo kalean egoteagatik.
“Elkarrenganako errespetua ezinbestekoa da eta jarrera hauek gogor salatu behar ditugu. Beheranzko tendentzia ageri bada ere, herriko datuak oraindik ez dira bat ere onak eta zuhurtziaz jokatu behar dugu. Gogorarazi behar dugu birusaren transmisioa altua dela. Ezin gaitezke lasaitu. Jakin badakit ahalegin handia egin dugula hilabete hauetan zehar. Bada, orain ahalegin horri eustea dagokigu eta, noski, arauak modu solidarioan betetzea”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
“Lokalak ezin daitezke zabaldu eta erabat debekatuta dago botiloia egitea. Herriko Udaltzaingoak bere lana egiten jarraituko du eta horrelakoak ikusten dituenean legea betearaziko du. Guztiok dakigu gehienez 4 pertsonako taldeetan elkartu gaitezkeela eta ordutegi batetik kanpo ezin gaitezkeela kalean egon. Diodan moduan, legea betetzea behar beharrezkoa da, guztion osasun eta etorkizuna baitago jokoan”, bukatu du Abaroak.
010 (94 617 91 00)