Albistea
Bermeok Aste Santuan eskaintza zabala du eta horren berri ematen du www.bermeo.eus bere web gunean
Nestor Basterretxea artista bermeotarrak bere jaioterrian parke eskultoriko zabala du, izan ere, Bermeo da Basterretxearen artelan gehien hartzen dituen herria. Horrela, Bermeoko Udalaren ustez, ezinbestekoa da bai herritarrei zein bisitariei honen berri ematea eta esku-orri bat argitaratu du. Eskuorri honek Bermeo Nestor Basterretxearen eskutik bisitatzea ahalbideratzen du, izan ere, bere lanak bisitatzeko ibilbidea jasotzen du.
Bertan, Nestor Basterretxeak Bermeon dituen arte lanei buruzko eta hauek kokatuta dauden lekuei buruzko informazioa agertzen da, bai bermeotarrei zein bisitariei Nestor Basterretxeak dituen lanak bisitatzeko ibilbide polita eskainiz.
Lameran kokatutako Euskal Kosmogonia Saila, Frantziskotarren klaustro zoragarriak hartzen dituen Hilarriak eta elizako harresian txertaturik dauden Ilargi Amandrearen Mamuak eta Talan, Izaro aurrean, Benito Barruetaren omenezko monumentua jasotzen dira esku-orrian. Ildo berean, Bermeoko Portuan duen Olatua eskultura ikusgarria, Matxitxakon gudarien omenezko monumentua, eta Sollubeko maldetan duen Lurdeiako eskultura gure arbasoen pentsaeratara eramaten diguna, azaltzen dira esku-orrian.
Guzti hauek bisitatzeko ibilbide praktiko eta polita azaltzen da esku-orrian. Esku-orri hauek dohainik eskuratu daitezke Bermeoko Turismo Bulegoan, beraz interesa duten pertsona guztien esku daude. “Nestorren altxor bat daukagu Bermeon eta munduari erakutsi nahi diogu”, azaldu du Bermeoko Udalak.
Aste Santuan eskaintza zabala
Bestalde, Bermeoko Udalak azaldu duenez, Bermeon eskaintza turistiko zabala izango dugu Aste Santuan eta guzti honen berri emateko baner bat ezarri da www.bermeo.eus web gunean eta issu-ren bidez ere
(issuu.com/bermeokoudala/docs/aste_santua_bermeo_eta_ingurua_2015/1) eskuratu ahal izango da.
Bertan, Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan, Arrantzaleen Museoa, Aita Guria baleontzia, Bermeoko Turismo Bulegoa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta klaustroari buruzko informazioa emango da eta baita ere Aste Santuko prozesioei buruzkoa. Horrez gain, enpresa ezberdinek Bermeon eta inguruan eskaintzen dituzten zerbitzuei buruzko informazio interesgarria ere ematen da: itsas ibilaldiak, itsas irteerak, kayak, surf, eskalada, orientazioa, tirolina, bertoko produktuen eskaintza,…
Ildo berean, Bermeoko Arrain Azokaren barne aurten XIII. Pintxo lehiaketa egingo den lehiaketaren berri ematen da. Izan ere, Aste Santuan lehiaketan parte hartzen duten pintxoak dastatu ahal izango dira pintxo lehiaketaren ibilbidean. Ibilbide hau Bermeoko 20 tabernatik gora osatuko dute. Hortaz arrainarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera zabala egongo da Bermeon Aste Santutik aurrera.
Horrez gain, inguruko leku askoren berri ere emango da, besteak beste, Madariaga dorretxea, Santimamiñe, Basondo eta Urdaibai birdcenter.
Bermeoko Udalak pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeo eta ingurua ezagutzera, izan ere, paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek.
010 (94 617 91 00)