Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan giro ona eta herritarren parte hartzea garrantzitsuak izan dira

“Garbitasunaren zerbitzuak indartuta, herri guztia garbi egotea lortu da jai egunetan”

 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, nahiz eta egun batzuetan eguraldiak ez duen lagundu, giro onean eta herritarren parte hartze garrantzitsuarekin ospatu direla  adierazi dute Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, eta Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak. Hortaz, jaien balorazio “ona” egin dute Bermeoko zinegotziek.

Azaldu dutenez,  “herritarren inplikazioa ekimenetan garrantzitsua izan da. “Egia da eguraldi txarragatik hainbat ekitaldi bertan behera gelditu edo lekualdatu behar izan direla, baina aipatzekoa da euriari aurre eginez herritarrak kalean egon garela eta jaiak topera gozatu dugula”, esan dute. Horrez gain, Ibarrolazak adierazi duenez,  garbitasunean zerbitzuak indartuta, “herri guztia garbi egotea lortu dugu”.

Astuik eta Ibarrolazak gaur  jai batzordeak eta Udalak Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien inguruan egindako balorazioaren berri eman dute  prentsaurrekoan. Bertan, urtez urte herriko jaiak antolatzen parte hartzen duten guztien arteko (ekintzen antolatzaileak, udala, zerbitzu ezberdinak, udaltzaingoa, herri babesa, ostalariak, txosnak...) koordinazioa ona izan dela adierazi dute, baina beti ere “hobetzen jarraitu behar dela” gaineratu dute.

Bestalde, Ibarrolazak egon diren eraso sexistak aipatu ditu eta, adierazi duenez, “ez jaietan ez urtean zehar ez dute tokirik gure herrian”.

Jai egitaraua

Jai egitarauari dagokionez, azaldu dutenez, ia ekintza guztiak aurrera eraman izan dira, baina, irailaren 15eko bi jai ekimen “zoritxarrez” bertan behera gelditu behar izan dira euriagatik, hala nola, nagusien danborrada eta itsasoko eguna.  

 “Aurten berriro Goiko plazan egin genuen irailaren 7ko txupinazoa jendez gainezka egon zen jaiei hasiera emateko”, adierazi du Astuik. Ildo berean, Arrantzale eguneko giro ederra eta herritarren parte hartze garrantzitsua nabarmendu ditu eta egun horretan egin ziren omenaldiak hunkigarriak izan zirela  gaineratu du.

Horrez gain, bere esanetan, txosnetan eta bertan antolatutako ekimenetan giro oso ona egon da, herritarren parte hartze eta inplikazio handiarekin. Almikako jaietan eta irailaren 3an egin ziren Erraldoikada eta ‘Bermio dalako geure mundue’ ikuskizuna “oso arrakastatsuak” izan ziren.

Astuik adierazi duenez, irailaren 11n Sukalki egunean nahiz eta beste urte batzuetan baino kazula gutxiago aurkeztu giro ezin hobea egon zen. Kontuan hartu behar da 600 bermeotar baino gehiago Kontxako estropada ikustera joan zirela Donostiara.

Santa Eufemia egunari dagokionez, eguraldiak ez zuen lagundu, baina herritarren parte hartzea izugarria izan zen baserri giroko azokan, abereen eta oiloen erakusketetan eta okelaren dastaketan. Gaztelun egindako ekitaldiak ere hunkigarriak izan ziren eta Las Tea Party´s DJren kontzertua arrakastatsua.

Umeentzako antolatutako ekimenetan (haurren jolas parkea, umeentzako tailerrak, bitsaren jaia, Tor magoa, play back txapelketa…) etxeko txikienek elegante pasa zutela eta parte hartze “handia” egon zela adierazi du Astuik. Correfoc ekitaldia, mikroantzerkiak, Mariachi Inperialaren kontzertua, protokolo ekintzek, txirrindulari lasterketak… “harrera oso ona” izan dutela adierazi du Kultura zinegotziak.

Bestalde, Urdaibai arraun taldeari Kontxako bandera eta Liga eta Koroa irabazi ondoren, irailaren 11n eta 18an, hurrenez hurren, egindako harrera ekitaldietan giro ezin hobea egon dela azpimarratu du Astuik. “Herri guztiak gure txapeldunak zoriondu nahi izan ditu eta eskerrak eman nahi izan die egindako lanagatik eta lortutako sariengatik. Merezitako harrera beroa egin die Bermeoko herritarrak Urdaibaiko arraunlariei”, azpimarratu du.

Astuik jaia herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko “ahaleginak egin direla”, aipatu du baina  “oraindik esfortzu hori egiten jarraitu behar dela” gaineratu du.

Zerbitzuak eta segurtasuna

Garbitasunari dagokionez, Ibarrolazak azaldu duenez, “aurten ere,  aurreko urteetan bezala, errefortzuak jarri ditugu eta herri guztia  garbi mantentzea lortu dugu”. Horrela, gogoratu duenez, errefortzu bezala, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago, gidari eta laguntzaileekin, eta sei langile gehiago egon dira jai egunetan garbitasuna bermatzeko. “Horregatik, bai ostalariekin eta bai herritarrekin hitz egin ondoren emaitzak onak izan direla esan dezakegu”, nabarmendu du.

Aurten ere talko hautsekin urte guztietan izaten dituzten arazoak izan dituztela azaldu du Ibarrolazak. Nahiz eta bando bidez eta komunikazio ezberdinen bidez talko hautsik ez botatzeko eskatu, aurten ere jaurti dira eta arrantzale egunean eta urtero gertatzen diren arazo berdinak egon direla adierazi du. “Nahiz eta kaleak ureztatu, talkoa, ez ohikoa ez koloretakoa,  ez da kentzen hiru-lau egun igaro arte”, ohartarazi du.

Ildo berean, adierazi duenez, aurten ere iaz bezala, Santa Eufemia egunean, abereen eta oiloen erakusketak amaitu ondoren, Taraska gune osoa garbitu zen. Izan ere, egun horretan, pertsona bi egon ziren lanean arratsaldez lan hori egiteko eta Lamera ingurua ere berriro garbitu zen, goizean bertan baserri giroko azoka izan baitzen, parte hartze garrantzitsuarekin.

Zerbitzu zinegotziak sastar-batze zerbitzua aurten, iaz bezala, eguerdian egunero egin dela gogoratu du, irailaren 9an izan ezik, egun horretan ez zen zerbitzurik egon eta. Aurten 172.750 kg sastar bildu dira, iaz baino 2.000 inguru gehiago. Ontzien kasuan jaietan 8.640 kg bildu dira eta, beirari dagokionez, 35.540 kilo batu dira Bermeon jaietan, iaz baino 9.000 kg inguru gehiago.

Garbitasunari dagokionez, aipatu duenez, barrakak, salmenta postuek, txosnek eta ostalariek garbitasunarekiko izan duten jarrera “ona” izan da orokorrean, izan be, “ingurua garbi mantentzeko lan egin dute”.

Jaietako beste atal nagusi bat herri lanetako langileak betetzen dutena da, hau da, jaietako azpiegiturak prestatzea, aldatzea eta eguneratzea (eszenatokiak, komunak, hesiak, jaietako seinaleztapena…). “Herri lanetako taldeak egindako lana goraipatu behar da, tresnak egon behar ziren tokietan egon zirelako eta, horri esker, jaietako ekintzak arazo barik burutu izan direlako”, esan du Zerbitzuetako zinegotziak.

Benito Ibarrolazak azaldu duenez, urtero jaietan ekintza bandalikoak gertatzen dira eta aurten komun kimikoak iraulita agertu dira eta bat uretara jaurti dute, hesi batzuk ere uretara bota dira, irailaren 10ean ezezagun batek Lamerako paperontzi biri sua eman zien. Bestalde, Zarragoitxiko igogailuan kalte handiak eragin zituen gazte bat identifikatu zuen Udaltzaingoak eta diligentziak ireki ditu.

Udaltzaingoak jaietan izan dituen interbentzioei dagokienez, guztira 424 izan dira era guztietakoak (trafikoa, istripuak, lapurketak, herritarren kexak, herritarrei laguntza, prebentzio lanak…). Ibarrolazak aurten 13 telefono mugikorren lapurreta salatu dela adierazi du eta, erleak direla eta, Udaltzaingoak 26 kasutan protokoloa aktibatu duela ere jakinarazi du. Bestalde, aurten jai egunetan ez dela etxeetako lapurretarik salatu adierazi du.

Bestalde, Ibarrolazak Bermeoko Herri Babeseko kide boluntarioei eskerrak eman dizkie jaietan egindako lan onagatik, izan be, ekimen jendetsu guztietan eta gertatutako egoera ezberdinetan (euri zaparradak, haizea…) egon dira euren laguntza eta babesa ematen. 

“Hau da jaietako balorazio orokorra, balorazio positiboa, esan dezakegu jaiak giro alaian ospatu direla, parte-hartzea garrantzitsua izan dela eta jendeak disfrutatu egin duela”, azpimarratu dute Astuik eta Ibarrolazak. Azkenez, jaien antolakuntzan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie, euren lana “ezinbestekoa” izan baita jaiak ospatzeko.

 

23 / 09 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0