Albistea
-Urtarrilaren 10etik eta lanek dirauten bitartean, trafikoak zenbait afekzio izango ditu. Zehazki, Santamañe eta Txibitxiaga kaleak norabide bakarra izango dute (Mundakarantz) eta Mundakatik Bermeorako sarrera saihesbidetik egin beharko da
-Bermeok, horrela, bere hirigintza-eraldaketarako pausoak ematen jarraitzen du, pertsonen irisgarritasuna hobetu eta trafiko astunaren aldean trafiko lasaia sustatu nahi duten lanei lehentasuna emanez
-Bermeoko Udalak eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 2,3 milioi euro inguru bideratuko dituzte lan hauetara
Bermeon, 2023ko urtarrilaren 3an.- Bermeoko Udalak aurrerapauso handia eman du bere helburu nagusietako batzuk lortzeko, besteak beste: bermeotarren bizi-kalitatea hobetzea, Biosferaren Erreserban mugikortasun jasangarria sustatzea eta espazio hori osatzen duten gune guztietara oinezkoentzako edo bizikletentzako irisgarritasuna ahalbidetzea. Horretarako, hurrengo asteartean, urtarrilak 10, Mundakatik Bermeorako sarrera berria egiteko lanak hasiko dira. Udalak eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 2,3 milioi euro inguru bideratuko dituzte lan hauetara.
Hobekuntza lan hauen ondorioz, urtarrilaren 10etik aurrera eta lanek dirauten duten bitartean, trafikoak zenbait afekzio izango ditu. Zehazki, Santamañe eta Txibitxiaga kaleak norabide bakarra izango dute (Mundakarantz) eta Mundakatik Bermeorako sarrera saihesbidetik egin beharko da.
Proiektua gauzatzen den eremua Mundakatik datorren BI-2235 errepidetik Bermeorako sarbidea den Txibitxiaga kalearen eta Bilbo-Bermeo lineako trenbidearen arteko tartea da. “Guztira, mugikortasun jasangarriari bultzada handia emango dioten 500 metro izango dira, Urdaibaiko Biosfera osatzen duten herri eta gune guztietara oinez edo bizikleta bitartez irisgarritasuna ahalbidetuz. Gauzak horrela beste urrats bat emango dugu Bermeon eraldaketa sakona bultzatzeko, bermeotarren bizi-kalitatea bermatzen, Bermeoko sarbideak hobetzen eta bizimodu osasungarria sustatzen lagunduko digun eraldaketa, hain zuzen ere” azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
“Erakundeen arteko lankidetzari esker sortutako proiektua da. Izan ere, ezinbestekoa da erakundeen arteko elkarlana horrelako proiektu garrantzitsuak aurrera eramateko. Udalak eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak egingo duten inbertsio honi esker Bermeoko irisgarritasuna hobetuko da, herritarren bizi kalitatea nabarmen hobetuz. Jakin badakigu honelako lanak ez direla erosoak eta eragozpenak sortzen dituztela baina seguru gaude pena mereziko duela”, bukatu du Abaroak.
010 (94 617 91 00)