Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokaren XXII. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea apirilaren 26ra arte irekita

 

Bermeoko Arrain Azokaren barne, urtero bezala, bermeotarrontzat oso garrantzitsua den Hegaluze Saria emango da; izan ere, sari honekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari, hain zuzen ere. Horrela, apirilaren 26ra arte XXII. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da. 

Itsuki irratiak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen duen sari hau pertsona, erakunde, elkarte, entitate edota proiektu bati ematen zaio, eta arlo guztietako ekintza motak saritu daitezke (kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia…). Irabazlea epaimahai baten bidez aukeratzen da, eta saria maiatzaren 18an, barikuan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia baino lehenago Lameran emango da. 

Proposamenak egin nahi dutenek orri baten aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute. Horiek aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira (‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu. 

2017ko edizioan, Eleizalde Ikastolak jaso zuen Hegaluze Saria, 2016koan ‘Frai Albertok’, 2015ean Serrats kontserberak, 2014an Juan Antonio Apraiz ‘Coyote’k eta 2013an Bermeoko Herri Babesak.  Bermeoko eta Izaro Abesbatzak (2012), Bermeoko Santa Veracruz Kofradiak (2011), Jabi Elortegik (2010), Bingen Fernandezek (2009) eta Ilaski Serranok (2008) jaso dute Hegaluze Saria. 

Bermeoko Arrain Azoka elkarteak herritarrei euren proposamenak bidaltzera animatu die, “guztion artean Arrain azoka egiteko”.  Aurten Bermeoko Arrain Azoka  maiatzaren 18, 19 eta 20an egingo da eta gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta izango da.

05 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0