Albistea
Bermeoko Udalak laguntza biren berri eman du, biak ere, euskararen erabilera sustatzera bideratuak eta urriaren 1etik 31ra bitarte eskatu beharrekoak. Alde batetik, euskara ikasleentzat, eta beste alde batetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenentzat.
Euskara ikasteko Bermeoko Udalak ematen dituen diru-laguntzei dagokienez, Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, adierazi duenez eskaera orria eta dagokion dokumentazioa Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) aurkeztu behar dira, esan den moduan, urrian, 1etik 31ra bitarte. “2017-2018 ikasturtean eta 2018ko udan egindako ikastaroak lagunduko ditu udalak”, zehaztu du.
Agirrek azaldu duenez, laguntza hauen helburua da “euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak ematea, matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dakien euskara ikasteko”. Ildo horretan, zehaztu duenez, diru-laguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.
Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea.
Euskara zinegotziak azaldu duenez, ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. “Ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 € jaso ahal izango dituzte”, adierazi du.
Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei gehienez, matrikularen % 70eko diru-laguntza emango zaie eta diru-laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei, gehienez, matrikularen % 60a. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen % 50a eskuratu ahal izango dute.
Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten diru-laguntzekin.
Gidabaimena euskaraz
Agirrek adierazi duenez, udalaren helburua izanik Bermeoko bizilagunei bizitzaren arlo guztietan euskara normaltasunez erabili dezaten laguntzea eta horretarako, euskararen erabilera sustatzeko udalerriko eragileekin batera ekimenak eta programak bideratzea, garrantzitsua da gidabaimena euskaraz prestatzen dutenei diru laguntza ematea.
Interesatuek eskariak Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea, 6-8) aurkeztuko dituzte urriaren 1etik 31ra bitarte, eta, horretarako, eskari-orria, Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso duen eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duen ziurtatzen duen agiria eraman beharko dituzte. Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko diru-laguntza jasoko dute.
Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.
Juan Karlos Agirrek azaldu duenez, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daiteke, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz daudelako eta, ondorioz, azterketa euskaraz ere egin daiteke. Beraz, pertsona guztiak, eta bereziki gazteak, gidabaimena euskaraz egitera animatu ditu; izan ere, gazteak dira gehienbat gidabaimena prestatzen dutenak eta gaitasun osoa dute prestakuntza hori euskaraz jasotzeko.
Diru-laguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu du Bermeoko Udalak (94 617 9122, euskera@bermeo.eus edota bere web gunean www.bermeo-euskaraz.eus).
010 (94 617 91 00)