Albisteak

Albistea

Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra bueltan datoz!

-Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskara Sailak antolatutako Irakurleen Txokoak literaturan interesa duten pertsonak elkartuko ditu

-Antzerki Tailerrak berriro irekiko ditu ateak urritik ekainera bitartean eta bertan parte hartu nahi duten pertsonek Berhaz bulegoan edo 688847347 Whatsapp zenbakian izena eman beharko dute

-Gainera, euskara ikasi nahi duten guraso eta etorkinek ikastaroetan izena eman dezakete jada

Bermeon, 2022ko irailaren 7an.- Irakurleen Txokoak eta Antzerki Tailerrak laster emango diote hasiera ikasturteari. Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskara Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoan izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 14ra arte. Bestalde, Antzerki Tailerrean parte hartu nahi dutenek irailaren 30ean izango dute hori egiteko azken eguna.

Arrate Egaña idazleak dinamizatzen duen Irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira. Taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen da Udal Liburutegian (18:30etik 20:00etara). 2011n hasitako ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta Udal Liburutegian eman beharko da izena edo 688847347 Whatsapp zenbakian. Interesdunek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Gainera, hileroko dinamikaz gain, urtean zehar idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.

Guztira, aurten, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.

Antzerki Tailerrak, berriz, segida emango dio iazko lanari eta tailerra 19:00etatik 21:00etara burutuko da Bermeoko Kultura Etxean asteazkenetan. Ekimen honetan izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da.

Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.

Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten 16 urtetik gorako antzerkizaleek parte hartu ahal izango dute 115 euroko matrikula ordainduta eta izena Berhaz bulegoan edo 688847347 Whatsapp zenbakian eman beharko dute.

Euskara ikasi nahi duten guraso eta etorkinek ikastaroetan izena eman dezakete jada

Bermeoko Udalak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute irailaren 30era arte.

Familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako ikastaroen helburua. Helburu hauek lortzeko, AEK euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean oso emaitza onak lortuz. Ikastaroek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute.

Bestalde, etorkinei zuzendutako ikastaroa Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua da eta bere helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, integrazio errazago bat izan dezaten. Honek ere 120 orduko iraupena izango du baina merkeagoa izango da. Izan ere, 10 euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontutan hartu gabe. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-k garatutako ‘Aisa’ metodologiaren bitartez.

Matrikula Udalaren Berhaz bulegoan egin behar da, ordutegi honen arabera: Irailaren 16ra arte, 8:00-14:00. Irailaren 16tik aurrera, astelehen, eguazten eta barikuetan, 8:00-15:00 eta martitzen eta eguenetan, 8:00-14:00 eta 16:00-18:00.

07 / 09 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0