Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak, Enplegu planaren barne, bi proiektu jarri ditu martxan eta lau pertsona kontratatu ditu

Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuarekin jarraituko du eta Landabasoko gune industrialaren azterketa abiarazi du

 

 

Bermeoko Udalak, Bermeorako Lanbideren Enplegu Planaren barne,  bi proiektu martxan jarri ditu: alde batetik, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren jarraipena, eta, bestetik, Landabaso poligonoa industrialaren azterketa egingo du, gune hori biziberritzeko helburuarekin. Proiektu horiek abian jartzeko 4 pertsona kontratatu ditu Udalak. 

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Behargintzako zinegotzi arduradunak; eta Bego Gangoitik, Turismo Teknikariak. 

Ormaetxeak azaldu duenez, Lanbidek, enplegu planen bidez, laguntzak bideratu ditu, bai eskualde mailan zein Bermeoko udalerrian, enplegua sustatu dezaketen proiektu garrantzitsuak martxan jartzeko. Ildo honetan, adierazi duenez, Bermeon “alde batetik, herriko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren jarraipena, eta, bestetik, Landabaso poligono industrialaren azterketa proiektua martxan jarri ditugu”. 

“Bi proiektu hauek oso garrantzitsuak dira gure herriarentzat”, nabarmendu du. Bere esanetan, “lehenengoak gure ostalaritza eta merkataritzaren aldeko apustua egiten  du, horiek indartzearen aldeko apustua, hain zuzen ere”; eta bigarrenaren helburua da aipatutako “industria gunearen azterlan bat egitea, gune horren kudeaketa hobetzeko eta biziberritzeko helburuarekin”.   

Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuari  dagokionez, Bego Gangoitik zehaztu duenez, bere helburua da, “bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea”. “Proiektu hori iaz jarri genuen martxan eta harrera oso ona eta emaitza positiboak izan dituela ikusita, aurten ere jarraipena ematea erabaki dugu”, nabarmendu du. 

Esate baterako, adierazi duenez, Gaztelugatxe gozotegiak proiektu horretan parte hartu zuen, eta, egindako lanaren ondorioz, produktu berri bat garatu du: ‘San  Juanen oinatzak’. Ildo berean, Bermeoko hainbat tabernek ere Game of pintxos ekimena martxan jarri zuten. 

Horrela, proiektu honen barne, iaz egin zen bezala, “establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatuko dira, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko”. Ildo honetan, “hobekuntza horiek garatzeko aholkularitza emango zaie ostalari eta merkatariei”, gaineratu du Gangoitik. 

Era berean, gogoratu duenez, bezeroaren ikuspuntutik garatuko den proiektu bat da; izan ere, bere esanetan, bezeroaren iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa da hobekuntzak egiteko. Gainera, Gangoitik zehaztu duenez, aurten bezeroaren ikuspuntua bi eratara aztertuko da; batetik, establezimenduan bertan fisikoki, eta, bestetik, sare sozialetan eta Interneten islatzen duena kontuan hartuta. 

 “Herriaren irudian ostalaritzaren eta merkataritzaren irudia oso garrantzitsua dela kontuan hartuta,  udala eta sektore pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, sektorea dinamizatzeko eta hobekuntzak egiteko”, nabarmendu du.   

Proiektu hori azaroan jarri zen martxan eta  50-80 establezimenduentzako proiektu pilotua izango da. Horretarako, Bermeoko Udalak 2 pertsona kontratatu ditu, Lanbidek sustatzen dituen Enplegu planen laguntzaren bitartez. 

Bestalde, Irune Ormaetxeak azaldu duenez, Landabaso poligono industrialaren azterketa egingo da, eta horretarako beste bi pertsona kontratatu ditu udalak, aipatutako Lanbideren laguntzaren bitartez. 

Ormaetxeak azpimarratu duenez, “proiektu horren helburu nagusia da industria gunearen azterlan bat egitea, dauden gabeziak eta beharrak identifikatzeko, epe laburrera zein luzera, gunea biziberritzeko eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin”. 

“Adierazitako azterlan horretatik aterako diren datuak etorkizunera begira hobekuntza eta berritze ekintzak burutzeko informazio modura erabiliko dira, baita inplementazio berriak egiteko edota jada existitzen direnak handitzeko”, gaineratu du.

Ormaetxeak adierazi duenez, bi proiektu hauek martxan jartzeko lau  kontratu egin dira sei hilabeterako,  hiru lanaldi osoan eta bat lanaldi erdian, hain zuzen ere. Kontratatu diren profilen artean, industri antolamendu ingeniaritza, turismoa eta kazetaritza ikasketak  dituzten pertsonak  izan dira. 

04 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0