Albistea
Bermeoko Udala animalien ongizatearekin konprometituta dago, eta indarrean dagoen araudia betetzen du. Hori dela eta, gaur egun, egoera desberdinetan erreskatatutako 12 txakur dauzka bere menpe; horietako bi harrera-etxeetan daude, urrian zehar adopzioa formalizatzeko bidean, egokitzapena ona baldin bada.
Txakurrak jasotzeko arrazoien artean daude abandonua, tratu txarrak, neurri administratiboak ez betetzea edo bide publikoan noraezean dabiltzan identifikatu gabeko txakurrak detektatzea. Animalia horietako bakoitzak beharrezko zainketak jasotzen ditu adoptatu bitartean. Udalaren nahia da hainbeste behar duten animalia horiei bigarren aukera bat eskaintzea.
Herritarrak kontzientziatzea
Bermeoko Udalak herritarrak adopzioaren garrantziaz sentsibilizatu gura ditu, txakur horiei maitasunez betetako etxe bat bilatu asmoz. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu duenez, “asmoa ez da bakarrik abandonatutako animalien kopurua murriztea, baita ere komunitate solidarioago bat sortzea eta maskota bat izateak dakarren erantzukizunaz jabetzea”.
Adoptatua izatea espero duen txakur bakoitzak istorio bat du atzean, eta maitasun egokiarekin, lagun leial eta maitagarri bihur daitekeela gogorarazi du. Hortaz, udalak adopzio prozesuaz informatzera animatzen ditu interesa duten pertsona guztiak, eta gogorarazten du adoptatzeak ez duela soilik animalia baten bizitza aldatzen, baita bere etxean jasotzen duenarena ere: “Txakur batengandik jasotzen dugun maitasunak eta zaintzak ez du preziorik. Horregatik, adopzio arduratsurako deia egin gura dugu. Adoptatzea eskuzabaltasun ekintza bat da, animaliari eta adoptatzen duen pertsonari mesede egiten diona”.
Gainera, Bermeoko Udalak animalien tratu txarrak eta abandonua salatzen ditu, eta herritarrei eskatzen die arduraz jokatzeko, eta izaki bizidun guztiekiko begirunetsuagoa den gizarte bat sortzen laguntzeko.
Bermeoko Udalak adopzioan dauden txakurrei buruz gehiago ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak, eta gogorazten du, txakur bati etxeko ateak irekitzean, itxaropenez eta maitasunez betetako bizitza berri bat oparitzen diotela. Interesdunek informazio gehiago lortu ahal izango dute honako zentro hauekin harremanetan jarrita:
010 (94 617 91 00)