Albistea
Bermeoko Udalak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Gernikan apirilaren 29an eta 30ean antolaturiko ekintza guztiak babesten ditu, eta berea egiten du pertsona guztiontzako justizia eta duintasun aldarrikapena. Horrez gain, ekintza guztietan eta, batez ere, Gernikarako bidean Bermeotik irtengo diren zutabeetan parte hartzera dei egin dio Udalak herritarrei (apirilaren 29an, zapatuan, 11:00etan, Taraskatik).
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak gogoratzen duenez, “1937an, faxismoak Gernika bonbardatu zuen, ankerkeriaz, modu basatian”. Plataformak adierazten duenez, “2017an, 80 urte geroago, beharrezkoa da gertakari haren memoriari bizirik eustea, eta aski da esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Guernica anker horien aurrean”. “Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat da”, gaineratzen du.
Egoera horren aurrean, Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformaren ustez, “ezin gara besoak gurutzatuta geratu”. “Laguntza humanitarioaz harago joan nahi dugu, ziur baino ziurrago baikaude salaketa politikoa dela pertsona guztiontzako justizia eta duintasuna erdiesteko ezinbesteko aldaketaren motorra. Ezin dugu onartu mugak atxilotzeko, gizatasuna kentzeko eta heriotza eragiteko eremu bihurtzea milioika lagunentzat”, adierazten du.
Hori dela eta, ekitaldi bat antolatu du Gernikan, apirilaren 29an eta 30ean, zapatuan eta domekan, aipatutako “egoeraren aurrean sumindura eta gaitzespena adierazteko, gure gobernuen pasibotasunaren kontrako jarrera agertzeko, bai eta aukerak planteatzeko eta eraikitzeko ere”.
“Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga honetan, mobilizazio jendetsurako deia egiten dizuegu, gerrarik ez oihukatzeko eta migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko”, azpimarratzen du Ongi Etorri Errefuxiatuak.
Ekimenak
Horrela, apirilaren 29an, larunbatean, errefuxiatuei babesa agertzeko martxak egingo dira. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabetan iritsiko dira Gernikara, non 17:30ean Pasilekun egingo den ekitaldi hunkigarrian zutabe guztiei ongi etorria emango zaie. Bermeotik Gernikera zutabea goizeko 11:00etan Taraskatik irtengo da.
Apirilaren 30ean, igandean, gaien araberako tailerrak eta esperientzi mahaiak egingo dira Gernikan: babes- eta asilo-eskubidea; antimilitarismoa; feminismoa; faxismorik eta arrazismorik ez; antikapitalismoa; harrera-esperientzia; Hegoaldeko muga; desobedientzia. Guztiak esperientzia, konpromiso eta borroka sozial ugariak ikusgai jartzeko xedez eta gerturatzen diren mugimendu eta kolektiboen artean sareak eraikitzen jarraitzeko.
Horrez gain, jarduera ludiko eta kulturalak izango dira topaketa osoan. Amaiera ekitaldian Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak “erantzun eraginkor eta berehalakoak eskatuko ditu munduan 65 milioi lagun baino gehiago jasaten ari diren egoera hau konpontzeko”.
Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak Ongi Etorri Errefuxiatuak antolatutako ekimenekin bat egiten du eta herritarrei parte hartzera dei egiten die.
010 (94 617 91 00)