Albisteak

Albistea

Matxitxakoko itsasargira doan bidea konpontzeko eta Artikarako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko eskatu dio Udalak Aldundiari

 

Matxitxakoko itsasargira doan bidea konpontzeko eta Artika auzorako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Bermeoko Lurgintza zinegotziak, Amaia Elorzak, eta Udaleko Urigintzako teknikariek Bizkaiko Foru Aldundiarekin joan den urtarrilaren 11n izandako batzarrean eskaera horiek berriro luzatu zizkien BFAko ordezkariei. 

Elorzak gogoratu duenez, Matxitxakoko itsasargira doan bidea, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da; eta “bere egoera oso txarra da, izan ere, ez du inondik inora irisgarritasuna bermatzen eta jendea ezin da bertatik erosotasunez ibili. Hori dela eta, pertsona asko erortzen dira bertan”. 

“Bide hori paisaia zoragarrian egoteaz gain, bertan kokatzen da Matxitxakoko itsasargiko zetazeoen eta itsas hegaztien behatokia. Horrela, jende asko ibiltzen da bertatik (bertan bizi diren familiak, herritarrak, bisitariak…); horregatik, ahalik eta arinen konpontzea ezinbestekoa dela uste dugu”, azpimarratu du. 

Bestalde, Artika auzorako bidean oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko  eskatu dio, izan ere, bide horretatik ere jende asko ibiltzen da oinez, baina dagoen moduan arriskutsua da ibilgailuengatik (bidea oso estua da, argiteria eskasa…) . Hori dela eta, neurriak hartzeko eskatu dio. 

Aipatutako eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiari “askotan egin dizkiotela” gogoratu du Elorzak, baina “BFAk orain arte ez duela erantzun egokirik eman” gaineratu du. “Guk eskaera horiek luzatzen jarraituko dugu, bide foralak direlako, eta herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direlako”, nabarmendu du. 

01 / 02 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0