Albisteak

Albistea

XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdiak Egipto eta Portugalgo taldeak dakartza

Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldearekin batera, Egipto eta Portugalgo dantza taldeek parte hartuko dute datorren zapatuan, abuztuaren 10ean, izango den XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdian. Alkartasuna Dantza Taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia, 21:00etan hasiko da Artza Frontoian. Aurretik, hiru dantza taldeek kalejira egingo dute Lameratik.

Bermeoko udal ordezkariek eta Alkartasuna Dantza Taldeko arduradunek gaur eman dituzte Nazioarteko Folklore jaialdiaren xehetasunak. Gogoratu dute, 1986. urtean hasi zirela jaialdia antolatzen. Aipatu dute, Folklore jaialdiaren helburua dela euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea, Bermeoko ohiturak beste herri batzuetakoei ere ezagutarazteko. Horrez gain, Folklore jaialdiaren bidez, Alkartasuna Dantza Taldeko kideek beste herrialde batzuetako dantza taldekoekin egoteko aukera izaten dutela diote, modu horretara, elkarrenganako ezagutzak bultzatuta.

Datorren zapatuan, Egiptoko El Shams Ballet Group taldea izango da Nazioarteko Folklore jaialdiko parte hartzaileetako bat. El Shams, 1970ean sortu zen Kairoko Heliopolis eremuan kokatutako gizarte kluba da, eta El Shams Ballet Group bost urte geroago sortu zen, 1975ean. Taldeak emanaldi ugaritan parte hartu du, euren lurraldean barrena zein nazioartean. Afrikan bertan, ekitaldi nazional garrantzitsu askotan parte hartzeko aukeratua izan da, hala nola, Afrikako txapelketaren inaugurazioan edota Afrikako futbol  koparen inaugurazioan. Egiptoko Ismailia herri dantza jaialdian ere parte hartu zuen, 90eko hamarkadan, munduko folk jaialdi handienetako bat izan zena. Bermeon egongo den dantza taldea, Kairoko talde garrantzitsuenetako bat da, eta euren errepertorioan dituzte herri dantzak zein balet klasikokoak.

Bestetik, Portugalgo Grupo Etnografico Terras de Cambra izango da Artza frontoiko jaialdian parte hartuko duena. Terras de Cambra Etnografia Taldea 1973an sortu zen, Vale de Cambra hirian, eta 75 elementuz osatutako taldea da. Taldeko kideak ahalik eta zintzoen irudikatzen saiatzen dira Cambrako herritarren tradizioak. XIX. mendeko dantzen ezaugarriak aurkezten dituzte, gehienak zirkularrak, erromerietan, jaietan, nekazaritza jardueren amaieran eta aisialdiko momentuetan dantzatzen zirenak. Dantza guztiak abestuak dira, eta horietan gizonek emakumeei erronka egiten diete, askotan hitz txarrekin. Kultur ekintza ugari antolatu eta horietan parte hartu dute, honako hauek nabarmentzen direlarik: Estatuko eta Nazioarteko Folklore jaialdi eta trukeak, XIX. mendeko esperientzien berreraikuntzak (artoaren zikloa, lihoaren zikloa, ardoaren zikloa, txerriaren zikloa…), erakusketa etnografikoak, gabon-kantak… Grupo Etnografico Terras de Cambra taldea seigarren aldiz egongo da Euskal Herriko taldeekin elkartrukeak egiten –Bermeo hiru aldiz, Bakio bi eta bat Gernika-Lumo–.

Bi horiekin batera, Artza frontoiko Nazioarteko Folklore jaialdian egongo dira dantzari bermeotarrak ere, Alkartasuna Dantza Taldekoak. Eta, bertaratutakoek bertoko dantzarien dantzekin disfrutatzeko aukera ere edukiko dute, dudarik barik.

Bermeoko XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdiko sarrera  5 euro ordaindu beharko da, eta Artza frontoiko leihatilan eskuratu ahal izango da zapatuan bertan, 18:00etatik aurrera.

XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdiak atzerriko eta euskal dantzak eta kultura ezagutzeko eta horiekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko duela azaldu dute. Horregatik, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte parte hartzera.

07 / 08 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0