Albisteak

Albistea

Bermeoko Araneko kiroldegiko kirol ekintzetako gogobetetze maila 8,25 puntutakoa da

 

Bermeoko Araneko kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen batezbesteko gogobetetze maila 8,25ekoa da. Izan ere, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako bi inkesten arabera, lurreko ekintzen parte-hartzaileen batezbesteko gogobetetze maila 8,82 puntutakoa da, eta uretako ekintzen parte hartzen dutenena 7,68koa. 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol Saileko zinegotziak, azaldu duenez, bi inkesta egin dira; alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutzeko, eta, bestetik, uretako kirol ekintzen gogobetetze maila ezagutzeko. Lehenengoa 144 erabiltzaileren artean egin da, eta bigarrena 86 erabiltzaileren artean. 

Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, inkesta horiekin  kirol ekintzetako erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutu nahi da, kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat alorrei buruz galdetu zaie jardueretako parte-hartzaileei; besteak beste, ekintzei buruzko informazioa, izena emateko prozedura, antolaketa, kopurua, ordutegia eta prezioari buruz. Horrez gain, kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetu zaie.

Lurreko kirol ekintzen asetasun maila 

Lurreko kirol ekintzen kasuan, galdera guztietan lortutako puntuazioa 6,41etik gorakoa izan da; 9,36 altuena eta 6,41 baxuena, hain zuzen ere. Monitoreen gaitasun profesionalak jaso ditu 9,36 puntu eta kirol guneak (tenperatura, antolamendua, akustika) 6,40.   

Erabiltzaileak 6,79 puntu eman ditu kanpainari buruz jasotzen duen informazioari buruz galdetzerakoan, eta izena emateko prozedurari buruzko galderak 7,31 puntu izan ditu. 

Ikastaroak antolatzeko moduari, jardueren kopuruari, ordutegiari eta prezioari buruzko galderek, 7,57; 6,77; 6,9 eta 6,67 puntu jaso dituzte, hurrenez hurren. Kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetzerakoan 8,05 puntu eman dituzte erabiltzaileek, eta kirol gunearen garbitasunak 7,32 puntu izan ditu.

Bermeoko Kirolaren Udal Patronatuko langileek eskaintzen duten arretari buruz galdetzerakoan 7,93 puntu eman dituzte, eta gogobetetze mailaren batezbestekoa  8,82 puntu izan da. 

Uretako kirol ekintzen asetasun maila 

Uretako kirol ekintzen inkestan galdera guztietan lortutako puntuazioa 6,89tik gorakoa izan da. Kirol guneak (tenperatura, antolamendua, akustika) 6,89 puntu izan ditu eta,  kasu honetan ere, monitoreen gaitasun profesionala izan da gehien baloratu dena, 8,69 punturekin, hain zuzen ere.  

Izena emateko prozedurari buruzko galderak 7,29 puntu izan ditu, eta kanpainari buruz jasotzen duten informazioa 7,53 punturekin baloratu dute erabiltzaileek. Ikastaroak antolatzeko moduari, jardueren kopuruari, ordutegiari eta prezioari buruzko galderek, 7,09; 7,15; 6,97 eta 7,59 puntu jaso dituzte, hurrenez hurren. Kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetzerakoan 7,3 puntu eman dituzte erabiltzaileek, eta kirol gunearen garbitasunak 6,97 puntu izan ditu. 

Bermeoko Kirolaren Udal Patronatuko langileek eskaintzen duten arretari buruz galdetzerakoan 8,32 puntu eman dituzte erabiltzaileek eta gogobetetze mailaren batazbestekoa 7,68 puntu izan da. 

Ormaetxeak adierazi duenez,  datu horiek “oso onak” dira, eta “erabiltzaileak eskainitako zerbitzuekin pozik daudela adierazten dute”; hala ere, “kirolarien asebetetze maila mantentzeko eta hobetzeko lanean jarraitu behar” dutela gaineratu du.

 

13 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0