Albisteak

Albistea

Madalen egunak XVI. Mendeko Tribis baserriko teila izango du protagonista

Bermeoko Artika auzoan kokatuta dagoen baserriko teila botako du Aritz Abaroa alkateak itsasora datorren uztailaren 22an

Bermeoko jaiegun handi hau goizeko 11etan hasiko da Santa Eufemiako elizan egingo den Madalen Eguneko meza nagusiarekin eta, arratsaldeko 8ak aldera, Udalbatza Sabino Arana enparantzara iritsiko da ikurrina eta herriko bandera jaso eta dantzaldian parte hartzeko  

Bermeon, 2019ko uztailaren 18ean.- Bermeo prest dago urteko jaiegun berezienetako bat ospatzeko. Izan ere, datorren uztailaren 22an ospatuko da Madalen Eguna.  Goizeko 11etan alkateak eta udal zinegotziek Bermeoko Santa Eufemiako elizan egingo den meza nagusian parte hartuko dute eta, ondoren, Sabino Arana enparantzara (Goiko plaza) joango dira udalbatza eratu eta segizioari hasiera emateko. Teila bota eta Elantxobe eta Mundakatik pasa ostean, udalbatza arratsaldeko 8ak aldera iritsiko da berriz Sabino Arana enparantzara eta, bertan, ikurrina eta herriko bandera jaso eta dantzaldian parte hartuko dute. Herrikoek zein kanpotik datozenek ere tradizio honekin eta festarekin disfrutatzeko aukera izango dute.

Urtero bezala, teila botatzen den unea izango da hunkigarriena. Bermeoko alkate Aritz Abaroak, Izaro uhartea atzean duela, teila itsasora botako du “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” ozen esanez. Antzinatik egin ohi denez, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko dira honela.

Aurten teila berezia izango da. Izan ere, Bermeoko Artika auzoan kokatuta dagoen XVI. mendeko Tribis baserriko bat da erabiliko dena. Gaur egun etxea erdi erorita dago, baina oraindik horma batzuk zutik mantentzen ditu. Baserri hau Bermeo eta Bizkaiko zaharrenetako bat dela esan daiteke.

Baserri-etxe honetako teila aukeratu izana ez da kasualitatea. Sinbolismo karga handia dago honen atzean. Bermeok lotura estua izan du historikoki bai itsasoarekin eta baita lurrarekin ere eta lotura hori goraipatu nahi da ekintza honekin. Itsasoa eta lurra, biak dira elementu garrantzitsuak eta horrek osatzen du Bermeo. Herriak bederatzi baserri-auzo ditu (Demiku, Artika, Almika, San Andres, San Miguel, Agarre, Mañu, Arane-Gibelortzaga eta Arronategi) eta hori balioan jartzeko jaurtiko da auzo bateko teila. Era berean, azken urteetan galduta egon den ohitura berreskuratuz, auzo hauetako alkateak Madalen eguneko komitiban parte hartuko dute.

Bestalde, Bermeoko Udalak Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko plazak zozkatu ditu herritarren artean. Urtero bezala, harrera oso ona izan du ekimenak. Gainera, egun horretara ere Mundaka, Elantxobe eta erakunde ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditu Udalak, festa hau elkarrekin ospatzeko.

Madalen eguneko ordutegia:

Eguna Santa Eufemia elizan egingo den meza nagusiarekin hasiko da, goizeko 11tan. 11:50ean Udalbatza Sabino Arana enparantzan (Goiko plazan) batuko da eta, ‘Alkate soinua’ entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa joko dute bidean doazela.

Segizioa portuan elkartuko da 12:00etan eta ontziratzea egingo du Izarorako bidea hartzeko. Uhartera iritsitakoan, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du eta alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du Bermeoren mugak berretsiz.

Eguerdiko 13:30ean, gutxi gora behera, Udalbatza, autoritateak eta gonbidatuak Elantxobera helduko dira eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan. Honen aurretik, Elantxobe alkateak Aritz Abaroa Bermeoko alkateari herriko makila emango dio, tradizioa jarraituz. Bazkaria egin ostean,  18:00etan, segizioa  Elantxobetik irtengo da Mundakara joateko. Bertan, Mundakako alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkateari. 

19:30ean, gutxi gora behera, segizioa Bermeora heldu eta portutik Sabino Arana enparantzara (Goiko plaza) abiatuko da. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ostean, aurreskua egin eta dantzaldia egongo da.

Segurtasun neurriak:

Bestalde, guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak mesedez betetzeko eskatzen die.

Araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.

Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela gogorarazten da. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatzen da.

Gainera, itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan beharko dituzte. Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dela gogorarazten da.

Araudiak ezartzen duenez, kaian amarratzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz. Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ezin dela egin gogorarazten da.

19 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0