Albisteak

Albistea

Astelehenean abiaraziko dira aurrekontu parte-hartzaileak

  • Iazko modura, 50.000 euro bideratuko dira herritarrek aukeratutako ekimena gauzatzera.

  • Proposamenak fisikoki aurkeztu ahalko dira udal eraikinetan jarriko diren kutxetan, eta baita ere elektronikoki, astelehenean zabalduko den QR bitartez.

Bigarren urtez jarraian, Bermeoko Udalak 2025. urtera begira, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiaraziko du. Modu horretara, herritarrek proposamenak egin ditzakete udal aurrekontuaren zati bat erabiltzeko moduari buruz. Hala, astelehenetik (urriak 21) azaroaren 3ra bitartean, herritarrek beren ideiekin eta proposamenekin parte hartu ahalko dute datorren urteko aurrekontuan eragiteko.

Proposamenak egiterako orduan, herritarrek kontuan izan beharko dute, proiektu guztiak ez direla baliagarriak izango, eta zenbait ezaugarri bete beharko dituzte. Interes orokorrekoak eta udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 50.000 euroko aurrekontukoak. Hautatutako proiektua zenbateko horretara iristen ez bada, gainerakoa, proposamen zerrendako beste proiektu batera bideratuko da. Proposamena inbertsio bat edo urte bateko kontratua izan beharko da.

Jasotako proposamenak aztertzeko mahai bat osatuko da, teknikari eta ordezkari politikoez osatutakoa, kasu guztietan adierazitako ezaugarriak bermatzen direla ziurtatzeko.

Prozesuak fase desberdinak izango ditu:
1. FASEA. Proposamenak aurkeztea, urriaren 21etik azaroaren 3ra.

2. FASEA. Baldintzak bermatzeko, bideragarritasun teknikoaren azterketa, azaroaren 4tik 14ra.

3. FASEA. Proiektuen zerrenda zehaztea, azaroaren 15ean.
4. FASEA. Ontzat eman diren proiektuen bozketa, azaroaren 18tik 24ra.
5. FASEA. Proiektu irabazlearen berri ematea, azaroaren 25etik abenduaren 2ra.

Astelehenetik aurrera, herritarrek aukera desberdinak izango dituzte euren proposamenak aurkezteko. Batetik, fisikoki egiteko aukera edukiko dute Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren egoitzan jarriko diren kutxetan. Eta, bestetik, elektronikoki ere egin ahalko da, astelehenean bertan zabalduko dugun QR kodea erabilita. NA edo AIZ duten adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete, baldin eta Bermeon erroldatuta badaude.

Iazko prozesuan, bermeotarrek 420 proposamen aurkeztu zituzten aurrekontu parte hartzaileetara, eta 115 iritsi ziren azken fasera.  Proiektu irabazlea Talape futbol zelaian berrikuntza lanak egiteko proposamena izan zen, 410 botorekin. Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekimen bat garailea izateak, eremu edo jarduera horretara berriro prozesu honetako diru kopurua bideratzeko ezintasuna ezartzen du, hiru urtetan.

Bermeoko udal arduradunek herritarrak deitzen dituzte aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan parte hartzera, prozesu honetan “herritarrek duten inplikazioa garrantzitsua” dela azpimarratuta.

18 / 10 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0