Albisteak

Albistea

Igeriketa terapeutikoa eta 'stand up paddle' udako uretako kirol egitarauaren berrikuntza batzuk

 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren aurtengo udako uretako kirol egitaraua berrikuntzekin beteta dator, izan ere, ohiko eskaintzaz gain udan igeriketa terapeutikoa, SUP (Stand up paddle), erabilera librea materialarekin eta trabesiak prestatzeko ikastaro berezia eskainiko du. Horrez gain, urtero bezala akuagym, akuarunning eta igeriketa ikastaro trinkoak umeentzat eskainiko ditu. 

Igeriketa terapeutikoari dagokionez, Bermeoko Udal Kirol Patronatuak azaldu duenez, uraren gaitasun terapeutikoarekin baliatuta minak arintzea du helburu. Horrela, besteak beste, bizkarreko arazoak dituztenei (eskoliosisa) eta haurdun dauden emakumeei zuzenduta dago. 40 minutuko saio bat da astean astelehenean, hain zuzen ere, goizez (10:00-10:40) edo arratsaldez (19:45-20:25). Hileko prezioa zortzi euro da. 

Stand Up Paddle (SUP)  12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Bi orduko egun bateko saioak izango dira Bermeoko Portuan, hain zuzen ere, uztailaren 16an, 23an, eta 30ean 11:00etatik 13:00etara. Eguneko ordu biko saioa 15 euro da abonatuentzat edota Urdaibai txartela dutenenentzat, ez dutenentzat, 20 euro. Saio hauetan parte hartzeko ezinbestekoa da uger egiten jakitea. 

Ildo berean, material espezifikoarekin uger egin behar dutenentzat (lepoko arazoengatik, entrenamendu bereziak egiteko…) materialen erabilera librea egiteko hainbat ordutegi eskainiko ditu Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak. 

Bestalde, igeriketako trabesiak prestatzeko ikastaro bereziak eskainiko ditu Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak uztailean eta abuztuan. Ordubeteko saio bi izango dira astean, eguaztenean eta barikuan 19:45etik 20:45era, hain zuzen ere Araneko kiroldegiko igerilekuan, Aritzatxuko hondartzan eta Bermeoko portuan, besteak beste. Hileko prezioa 25 euro izango da.

Akuagym-eri dagokionez, adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, izan ere, guztientzat da egokia eta uretan sasoian jartzea du helburu. 45 minutuko saioak dira goizez. Era berean, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak azaldu duenez, akuarunning ekimenarekin uretan korrika egitean beheko atala sendotu nahi da eta inpakturik gabeko jarduera da. 40 minutuko saioak dira goizez zein arratsaldez. Akuagym-a eta akuarunning-a saio solteak dira, 2,80 euro bakoitza edo hileko bonoarekin. 

Azkenez, umeentzat igeriketa ikastaro trinkoak eskainiko dira astelehenetik barikura, 40 minutuko saioak goizez zein arratsaldez, hain zuzen ere. Hastapena eta hobekuntza hamabost eguneko ikastaroak izango dira eta prezioa 24 eurokoa izango da. 

Beraz, uretako kirol eskaintza zabala eskainiko du Bermeoko Udalaren kirol patronatuak. Hortaz, parte hartzeko interesa duten herritar guztiek Araneko kiroldegian izena eman behar dute ekainaren 20tik aurrera.

 

 

17 / 06 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0