Albistea
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bihar irailaren 7an, eguaztenean, hasten dira eta aurten jaien hasierak protagonista bereziak izango ditu, hain zuzen ere, Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa. Xixiliren aurkezpena egin eta alkatearen pregoia entzun ondoren, elkarte hauetako kideak izango dira ikurriñaren eta Bermeoko banderaren jasoera egingo dutenak.
Horrela, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, azpimarratu duenez, Bermeoko herriak talde hauei urte askotan herriari egindako ekarpena eskertu nahi die euren urteurreuna ospatzen dutenean, izan ere, Bermeoko Abesbatzak 60, Alkartasuna Dantza Taldeak 40, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsak 10 urte betetzen dituzte aurten.
“Bermeoko kultura zabaltzeko eta gure herria euren dantza, abesti, kalejira eta ekitaldiekin alaitzeko lan garrantzitsua egiten ari dira urteetan zehar hiru talde hauek, Bermeoko kultura, bai gure herrian eta mundu mailan zabalduz”, adierazi du Bidegurenek. Hori lortzeko,-bere esanetan, “ahalegin handiak egiten dituzte talde hauetako kideek eta Bermeoko herria arro dago”. “Horregatik urte guzti hauetan talde hauek egindako lana eskertu nahi die Bermeoko herriak”, nabarmendu du. Gero txupinazoa eta Bemeotarrak Fanfarreagaz aurreskuek Goiko plazan jaiei hasiera ezin hobea emango diote
Bermeoko jaiak adin guztietarako ekimenak
Bermeoko jaietan adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko aukera izango dute irailaren 17ra arte, izan ere, nahiz eta jaiak 16an bukatu, irailaren 17an ere jai giro izugarria egongo da Bermeoko Uria XXXIV. Ikurriña estropadarekin.
Bihar, irailaren 7an, eguaztenean, Bermeoko Txosnek antolatuta, Almikeko bajada izango dugu txosnataraino eta bertan txosnen irekiera izango da. 21:50ean Xixili aurkeztuko da Goiko Plazan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta dunbadea izango dira leku horretan. Bermeotarrak Fanfarreagaz aurreskuetan ibili ondoren, Bermeko Kafe Antzokiak antolatuta, Andeko Gomez DJ izango da.
Irailaren 8an, eguenean, Andra Mari Egunean, goizeko 10:00etan udalbatza Goiko plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia ere izango da.
Andra Mari Egunean asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak, hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren kalejira Alde Zaharretik. Baserriko kirol erakusketa ume aizkolariak Almikan eta esku pilota partidu nagusiak ikusteko aukera ere izango dugu (Elezkano-Merino/ Retegi Bi-Irusta; Irribarria-Barriola / AltunaII-Zabaleta)
Umeentzako ipuin kontalaria eta tailerrak izango dira txosnatan eta umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera. Gaueko 22:00etan Valecea pirotekniaren eskutik suziriak izango dira.
Arrantzale Eguna
Irailaren 9an, barikuan, Arrantzale Egunean, Andekoko lagunek antolatuta meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez eta, ondoren, kalejira txistulariekin eta lore eskaintza egingo dira. Horrez gain, bateleroei, kordeleroei eta Juan Antonio Apraiz Koiote-ri omenaldia egingo zaie.
Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko.
Egunean zehar fanfarreak herriko giroa alaituko dute eta 19:00etan Mariachi Imperial Villa Hidalgo taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Dantzan egiteko aukera izango dugu 20:30ean dantza maratoian txosnatan eta 21:30ean Drindots taldearekin izango den dantzaldian Lameran eta jaiak aurrera jarraituko du goizaldeko 01:00ean Jaikide Diskofestarekin Lamerako kioskoan.
Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, zapatuan, ume eta gaztetxuen jolas parkea izango dugu Gonzalo Nardiz enparantzan goizez eta arratsaldez. Egun honetan ere XLII. Herri Kirolak, futbol partidua eta idi probak ikusteko aukera egongo da eta txosnatan ‘Visca la terra’ eguna ospatuko da, Països Catalanseko arratsalde kulturala, hain zuzen be.
Bertso saioa ere izango da Artza frontoian eta Brigada Improductiva, Arkada social, eta Itziarren semeak taldeen kontzertuak izango dira Lameran, Txosna Batzordeak antolatuta. Lehengo eta bigarren kontzertuen artean Peluts de Foc taldearen Correfoc ekitaldia egongo da eta honetara kotoizko erropak eta burua estalita eraman behar dira derrigorrez. Kafe antzokiak eta Beleza Malandrak antolatuta, zapatuan Lie Detectors eta Giuda taldeen kontzertuak egongo dira Bermeoko Kafe Antzokian.
Irailak 11, domeka, XLII. Sukalki eguna
Irailaren 11n, domekan, XLII. Sukalki Eguna ospatuko da, Talan giro polita sortuz. Trikitixak eta fanfarreak giroa alaituko dute eta fanfarreekin egingo da bajadie. ‘Geuk eus’ kanpaina ere presente egongo da sukalki egunean photocall-arekin. Egun honetan ere Begoñako Amaren urpean tronuratzearen LIII. Urteurrena ospatuko da.
Irailaren 12an, astelehenean, umeentzako bitsaren jaia eta ur jaurtiketa izango ditugu Lameran. XXXVI. Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketa egingo da eta egun honetan Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin.
Umeentzako puzgarriak, kale antzerkia eta txokolatada izango ditugu irailaren 13an, martitzenean. Horrez gain, F.I.T.A. eta Tximino taldeen kontzertuak izango dira txosnetan.
Irailaren 14an, eguaztenean, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak, umeentzako jokoak, talo tailerra, ginkana familiarra, mus txapelketa eta XXXVI. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa izango baititugu. Gainera aurten nobedadea diren mikroantzerkiak ere izango ditugu Alde Zaharrean. Kabidxen hartuko dira sarrerak eta hortik aukeratutako mikroantzerkia ikustera eramango dituzte ikusleak ekimen orijinal honetan. Gauean Ochi di Farfalla eta Primeros Auxilioss taldeen kontzertuak txosnetan.
Irailaren 15ean, eguenean, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon. Horrela, itsasoko eguna ospatuko da (kukaña, piraguak, platanoa, padel surf…) eta mus eta tortilla txapelketak ere izango dira. Egun honetan izango da danborrada, Aiarako Musika bandagaz, eta azken honek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Vinagres de Moderna eta Belatz taldeen kontzertuekin txosnetan eta suzko zezenarekin Goiko plazan ondo pasatzeko aukera ere izango dugu eguenean.
Irailaren 16an, Santa Eufemia egunean, barikuan, baserri giroko azoka eta IV Oiloen erakusketa Lameran, abereen erakusketa Taraskan, okela dastatzea, trikitilariak, Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia, omenaldiak, XI. Batel estropada eta dantzaldiak egongo dira.
Aurten ere balkoitik balkoira bertso saioarekin gozatu ahal izango dugu eta Pablo Berasaluzeri omenaldia egingo zaion Esku pelota partidu bereziarekin ere bai (Artetxe II- Ibai Zabala/ Artola-Imaz; Berasaluze II-Albizu / Olaizola II-Beroiz). Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren Xixili erreko da eta suziriak, Zaragozana pirotekniaren eskutik.
Gaueko 23:00etan Las Tea Party’s DJren musikarekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran eta goizaldeko 02:00etan Makatz Sound Syster-en pintxadie txosnatan.
XXXIV. Bermeoko Uria Ikurriña estropada
Nahiz eta jaiak irailaren 16an bukatu, oraindik martxak jarraituko du irailaren 17an, zapatuan, izan be, egun horretan XXXIV. Bermeoko Uria Ikurriña estropada egingo da. Horrez gain, Bermeoko Udalaren XLIII Plater Tiro Saria, kamiseta azoka, olinpiaden azken froga, herri bazkaria, elektromatxino elektrotxarangaz kalejira, Bou Bizkaia Peñaren kalejira, olinpiaden sari banaketa eta Farsa Realidad, Sinnerdolls eta Akerbeltz taldeen kontzertuak egongo dira.
Beraz, Bidegurenen esanetan, “gure herrian ez da musikarik, dantzaldirik, txapelketarik, omenaldirik, azokarik ezta ikuskizunik faltako”, baina Bermeoko Jaiak “duten enkantua bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte-hartzailea da, zalantza barik”. “Jai zoriontsuak eta ondo pasa!”, nabarmendu du.
010 (94 617 91 00)