Albisteak

Albistea

Udal azokako zorua egokitzeko lanak direla eta, martxoaren 4an, 5ean eta 6an udal azoka, Behargintza eta udal artxiboa itxita egongo dira

 

Bermeoko Udal azoka biziberritzeko apustuarekin  jarraituz eta hori erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtzeko helburuarekin, Bermeoko Udala Bermeoko plazako zorua egokitzen ari da eta erdiko argi-zuloa kendu du, irudi berri bat emanez eta aldi berean hezetasunak saihestuz. Lan horiek era egokian egin ahal izateko, martxoaren 4an, 5ean eta 6an, astelehenean, martitzenean eta eguaztenean, Bermeoko udal azoka, Behargintza eta Udal artxiboa itxita egongo dira, baina martxoaren 7an berriro irekiko dituzte ateak. Behargintzaren kasuan, nahiz eta aipatutako egunetan arreta pertsonala ez eskaini, bai eskainiko du telefono bidezko arreta.

“Proiektu honek bezeroen eta saltzaileen beharrizanak kontuan ditu eta, horri esker, azoka toki erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtuko da; izan ere, mugikortasuna erraztuko da”, nabarmendu du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Merkataritza eta Garapen zinegotziak.

Lan horiek urtarrilaren 28an hasi ziren eta behin 1. Fasea bukatuta 2. fasea hasiko da martxoaren 2an. 1. Fasean argi zuloaren goiko estruktura eraitsi da eta zuloa berreraiki eta itxi da, udal azokak espazioa irabaziz. Era berean, saneamendu sareari dagokionez, kainu-zulo guztiak ikuskatu dira, garbitu eta, beharrezkoak izan diren kasuetan, konponketak egin dira.

2. fasean azokaren barruko zoruari tratamendu berezi bat emango zaio. Zoladura hiru geruzadun sistema izango da. Lehenengo poliuretanozko inprimazio elastikoa jarriko da, gero poliureazko mintz bat eta gainean poliuretanozko berniza.  

Ormaetxeak adierazi duenez, proiektu honekin hainbat helburu lortu nahi dira: “azokaren estetikan eragin positiboa izan nahi dugu, aurkezpen komertziala hobetuz eta bezeroentzat erakargarriagoa bihurtuz”. “Horrez gain, azokako erabiltzaileen erosotasuna hobetzea nahi dugu eta merkatu kuota zabaltzea,  kontsumitzaile segmentu berriak erakarriz”, gaineratu du.

Ildo horretan, azaldu duenez, “kontsumitzaileengan emozio positiboak eta konfiantzazkoak eragin nahi ditugu, irisgarritasuna, konforta eta ingurumen erantzukizuna bermatuz”. “Azokaren irudi bereizgarria izatea nahi dugu, barnealdea atseginagoa bihurtuz”, azpimarratu du.

Lan horiek era egokian egin ahal izateko hiru egunetan martxoaren 4an, 5ean eta 6an Bermeoko udal azoka, Behargintza eta udal artxiboa itxita egongo dira, baina martxoaren 7an berriro irekiko dituzte ateak.

26 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0