Albisteak

Albistea

Goiko Plazako azokatxoa ezin izan da gauzatu salmenta postuek ez dituztelako baldintzak bete

Saltzaileek baldintzak 2016ko abuztutik ezagutzen zituzten, eta joan den astera arte ez dute inolako eskaririk egin

Bermeoko Udalak batzarra izan du gaur goizean saltzaileen ordezkaritza batekin

 

 

 

Bermeoko azokatxoa gaur, martitzenean, martxoaren 7an, Goiko plazan martxan jartzea aurreikusten zen, baina, ez da posible izan salmenta postuek eskatutako baldintzak ez dituztelako bete, nahiz eta Udaletik behin da berriz gogoratu zaie zeintzuk diren baldintza horiek, izan ere, hiru aldiz bidali zaie baldintzak jasotzen duen idatzia. Horrez gain, baldintzak 2016ko abuztutik ezagutzen zituzten. 

Benito Ibarrolazak, Zerbitzuetako zinegotziak, gogoratu duenez, Bermeoko azokatxoa Atalde kaletik lekualdatzeko prozesua orain dela denbora hasi zen, San Frantzisko Eskolak horrela eskatuta. Udalak pausu ezberdinak eman ditu, eta 2015eko abenduan martitzenetako Azokatxoa Goiko Plazara lekualdatzea onartu zen Udal Talde Politiko guztien adostasunarekin, aho batez. 

Tramiteak jarraituz, Bermeoko azokatxoa Goiko Plazan kokatzeko, urrian, kale salmentarako baimenen esleipena egiteko  zozketa egin zen. Zozketa hori egin aurretik, saltzaileen elkarte batek eskatuta, Bermeoko Udalak hiru batzar deitu zituen azalpenak emateko, baina, horietan  ez ziren saltzaileen elkarteko ordezkaririk agertu. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, azpimarratu behar da esleipen prozesua martxan jarri zenean eta zozketa egin aurretik, baldintza-agirietan azokaren kokapena, postuen ezaugarriak eta betebeharreko baldintzak zehazten zirela. Hortaz, zozketan parte hartu zuten guztiek horren berri bazekiten. 

Osoko Bilkurak, abenduan, 27 salmenta baimen esleitu zituen, zozketa horren emaitzen arabera. Horrela, behin esleipenak eginda, esleipenarekin batera, abenduan, betebeharreko baldintzak komunikatu zitzaizkien baimen esleipena izan zuten saltzaileei. Baldintza horiek berriro otsailaren 21ean gogorarazi zitzaizkien, eta martxoaren 3an, berriro ere baldintza horien berri eman zitzaien. Kasu guztietan baldintzak jasotzen zuen idatzi bat jaso zuten saltzaileek. 

 “Martxoaren 3ko astera arte, saltzaile batek bez, ez du ezer esan baldintza horiei buruz, eta aste honetan lauek bidali diuzte eskariak baldintzen inguruan”, azaldu du. 

Baldintza horietan honakoak zehazten dira: azokatxoko ordutegia, zamaketa eta garbiketa lanak zelan eta noiz egin, eta sarbidearen ordutegiak (Alde Zaharra oinezko gunea kontuan hartuta). Horrez gain, honakoa adierazten da: jarduera garatzeko ezinbestekoa da neurriak betetzea (2,5 m. zabalera eta 5 edo 8 metroko luzera postuaren arabera) eta prozesuko baldintzetan jarritako toldoa izatea”. 

“Estalki hori jarri ezean ezin izango da azokatxoan salmenta garatu”, gaineratzen dute baldintzek. Ildo berean, “saltokian ezarritako lekua (neurriak) bakarrik okupatu ahal izango dutela” adierazten da. 

“Gaur goizean Bermeoko Udaleko langileak baldintzak betetzen direla ikuskatzen joan direnean, 27 salmenta postuetariko batek ere ez duela baldintzetan ezarritako toldoa ikusi dute ,eta postuaren neurriak ere ez dituztela betetzen. Hori dela eta ezin izan da azoka antolatu”, esan du. 

Gaur goizean batzarra saltzaileekin 

Zerbitzuetako zinegotziak argitu duenez, egoera horren aurrean, ordu bete baino gehiagoko batzar bat izan du gaur goizean lehenengo orduan saltzaileekin. Bilera horretan Benito Ibarrolaza bera eta Zerbitzuetako teknikaria egon dira, saltzaileen bost ordezkariekin batera. Bertan, Ibarrolazak saltzaileei gogorarazi die baldintzak ezagutzen zituztela, eta azkeneko momentura arte inork ez duela kexarik agertu. 

Bileran hainbat puntu jorratu dira, eta azkenean saltzaileak  toldoari eta postuen neurriei dagozkien proposamenak jasotzen duen idazti bat egingo dutela adierazi dute. Bere aldetik, Udalak proposamen horiek zerbitzu batzordera eramateko konpromisoa hartu du. 

“Eguerdi bueltan idaztia jaso dugu, baina horretan toldoaren proposamena soilik egiten dute, eta ez postuen neurriena”, azaldu du Ibarrolazak. Edozein kasutan, Udalak bere konpromisoa beteko du eta proposamen hori zerbitzu batzordean aztertuko du. 

“Espero dugu adostasunetara heltzea, Goiko Plazako azokatxoa ahalik eta arinen egin ahal izateko”, nabarmendu du. 

07 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0