Albisteak

Albistea

Ximun Fuchs eta Harkaitz Canoren “Hondamendia” antzezlana plazaratuko da Bermeon

  • Abenduaren 14ean aurkeztuko da Axut!-Artedramaren antzezlana Bermeoko Kafe Antzokian Udalaren eskutik

Bermeon, 2023ko abenduaren 11an.-  Harkaitz Canok idatzia eta Ximun Fuchs-en zuzendaritzapean, abenduaren 14ean “Hondamendia” antzezlana aurkeztuko du Axut!-Artedramak Kafe Antzokian Bermeoko Udalaren eskutik. Lan  honetan Ander Lipusek, Maite Larburuk, Manex Fuchs-ek, Ruth Guimeràk, Eneko Gil-ek, Ane Sagüések eta  Jon Ander Urresti bermeotarrak, ezbeharrek ataka larrian jarri dituzten pertsonaien nondik norakoak plazaratuko dituzte.

Laburpena

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau?

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?

Nola eman liezaioke zentzua bere lanari eszenatokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean?

Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea?

Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri.

Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean.

Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa.

11 / 12 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0